Sei harrera familia behar dituzte haur sahararrentzat
Asteazkenean (hilak 12), informazio hitzaldi bat antolatu dute udaletxean, 17:30ean, harrera familia izateko interesa duten herritarrentzat.

Oporrak Bakean programa garatuko dute aurten ere Donostian, udan, aste batzuez, hamabi haur sahararren ardura hartuz. Horietako sei iaz ere etorri ziren eta familia berberekin geldituko dira. Ordea, beste sei harrera familia behar dituzte, izan ere, bi haurrek esperientzia errepikatuko dute, baina familia bat bilatu behar zaie, eta beste laurek lehenengo aldiz hartuko dute parte programan. Horrela, informazio bilera bat antolatu dute asteazken honetarako (hilak 12) udaletxean, 17:30ean, harrera familia izateko interesa duten herritarrentzat. Harrera familia izateko izen ematea martxoaren 15era arte dago zabalik.
“Donostiak 39 urte daramatza programa hori gauzatzen, Fronte Polisarioaren eskutik, Saharako umeak erbestean bizi dituzten bizitza gogorretik urrunduz, udako aste batzuetan baino ez bada ere. Gure helburua, aurten, haur horiek etxean hartzeko prest dauden Donostiako hamabi familia lortzea da. Iazko zifra bera da. Balio handiko bizi esperientzia solidarioa”, nabarmendu zuen Aniztasuneko eta Inklusioko zinegotzi Iñigo Garciak joan den astean eskainitako prentsaurrekoan.
Udalak azaldu duenez, “haurrei, Donostian dauden bitartean, osasun azterketak egiten zaizkie. Gainera, erabilera kulturalak eta linguistikoak trukatzen dituzte, eta beste errealitate batzuk ezagutzen dituzte, Tindoufeko errefuxiatu kanpamenduetatik harago”.
Bestalde, “familien inplikazioa bultzatzeko”, informazioa hiriko ikastetxeetara bidaliko dute, baita Donostiako hainbat tokitan kartelak jarri ere. Horrez gain, hiriko haurtxokoetan kultura arabiarreko lantegiak antolatu dituzte: hurrengoa hilaren 22an izango da, Intxaurrondokoan, 17:00etan.
Ia 5.000 haur
Azken hamabost urteotan, 4.597 haur etorri dira Gipuzkoara, Bizkaira eta Arabara. 2022an 153 haur saharar etorri ziren, 2023an 183 haur eta 2024ko udan 188 haur izan ziren. “Aurten ahalik eta ume gehienei eskaini nahi diegu aukera hau eta honek harrera familia gehiago lortzeko ahaleginetan murgiltzen gaitu. Izan familietara izan aterpetxeetara, ekin diezaiogun lanari anbizioz eta determinazioz, jakinda, lortzen dugun harrera-familia bakoitza izugarri garrantzitsua dela ume hauentzat”, azaldu du Oporrak Bakeanek.