St. Patrick's English School ikastetxeko ikasle bat aukeratu du Enbaxadore egun batez programak
Erresuma Batuko enbaxadak antolatutako lehiaketak helburu du lidergoa sustatzea eta diplomaziaren mundua gazteei hurbiltzea; 16 eta 18 urte bitarteko neskei bideratuta dago.

Aieteko St. Patrick’s English School ikasteko Batxilergoko 2. mailako Alba Aizpurua gaztea aukeratu dute beste hamalau gazterekin batera Erresuma Batuko enbaxadak antolatutako Enbaxadore egun batez jardueran parte hartzeko. EAEko ordezkari bakarra Madrilen izango da hilaren 19tik 21era bitartean, eta aukera izango du diplomaziaren alorra bertatik bertara ezagutzeko. Gainera, enbaxadako ordezkariek eta Alemania, Australia eta Ukrainako misio diplomatikoek emango dituzten tailerretan pertsonen arteko trebetasunak, diplomazia edota lidergoa landuko dituzte.
Egitasmoa enbaxadak genero berdintasuna sustatzeko egiten dituen jardueretako bat da. Helburu du tradizioz gizonen eremua izan den diplomaziaren mundua emakume gazteei hurbiltzea, baita haiek ahalduntzea ere, aldaketarako eragile bihur daitezen. Aurtengo gai nagusia Gazteak eta kirola izan da. Unescoren txosten baten arabera, nesken ia erdiak kirola egiteari uzten dio nerabezaroan –mutilek baino sei aldiz gehiago– nahiz eta katalizatzaile garrantzitsua izan ahalduntzerako, osasun fisikoaz haratago doazen onura ugari eskainiz. Esaterako, kirolean parte hartzeak konfiantza eta autoestimua areagotzen ditu, eta lidergoa edota talde lana garatzen laguntzen du. Hautatuak izateko, egun batez agintea balute, bere inguruko neska gazteen artean kirol parte hartzea sustatzeko jarduerak proposatu behar izan dituzte Aizpuruak eta gainerako partaideek.