'Altza 1931-1937: Ilusio galduen kronika' dokumentala aurkeztuko dute hilaren 22an Altzan

Ekialdeko Barrutiko Historia eta Memoria lantaldearen ekimenez egindako Altza 1931-1937: Ilusio galduen kronika dokumentala aurkeztuko dute otsailaren 22an, Nao Etxean. 11:00etan izango da aurkezpena, eta antolatzaileen arabera, dokumental labur bat da, Altzako udaletxe zaharrean egina. Bigarren Errepublika ekarri zuten udal hauteskundeetatik aurrera eratutako udalbatzari eskaini zitzaion aitortzaren egitarauaren barruan dago. Dokumentala euskaraz egina dago, eta gaztelaniazko azpitituluak dauzka.
Ekitaldian parte hartuko dute Iñigo Garcia zinegotziak, Altzako Historia Mintegiko kideek, eta Ion Urrestarazuk, Altza durante la Guerra Civil española liburuaren egileak, testuinguru historikoaz hitz egiteko.
Halaber, egun horretan bertan, dokumentalaren izenburu bera daukan erakusketa bat egongo da ikusgai Altzako Tokiko Bilduman jasotako argazki, dokumentu eta prentsa kronikak biltzen dituena. Horiek film laburra egiteko euskarri dokumental gisa erabili dituzte. Erakusketa goizean zehar bisitatu ahalko da Altzako udaletxean, osoko bilkuren aretoan, 09:30-10:30 eta 12:00-13:30 bitarte.