Loiolako kuartelen salerosketa desblokeatu dute
Espainiako Trantsizio Ekologikoko Ministerioak Donostiako Udalaren argudioak onartu ditu, mugatze lerroa Urumea ibaiaren ibilgutik hogei metrora jartzeko. Horrela, eraiki ahalko dira aurreikusitako etxebizitzak.

Espainiako Gobernuak desblokeatu egin du Donostiako Udalak Loiolako kuartelen lursaila erosteko operazioa, eta, beraz, bertan eraiki ahalko dira aurreikusitako 1.500-1.700 etxebizitzak. Hala iragarri du Aitor Estebanek, Espainiako Kongresuko bozeramaile jeltzaleak. Hain zuzen ere, Espainiako Trantsizio Ekologikoko Ministerioak Donostiako Udalaren argudioak onartu ditu, mugatze lerroa Urumea ibaiaren ibilgutik hogei metrora jartzeko.
Izan ere, gogoratu behar da udalak kuarteletako hirigintza garapenaren aurreikuspena egin zuela eremua urbanotzat hartuta eta, beraz, ibaiaren eta eraikinen artean hogei metroko tartea utzita, 1988ko Espainiako Kostaldeko legeak ezarritako salbuespen bat kontuan izanda. Ordea, Kostaldeko zuzendaritzak mugatze lerroa ehun metrokoa izatea eskatu zuen, legeak hala dioelako.
Horrek operazioa are gehiago atzeratu zuen, izan ere, udalak adierazi zuen ez zuen eskriturarik sinatuko mugatze lerroaren afera argitu arte, horren arabera etxebizitza gehiago ala gutxiago eraiki ahalko zirelako. Donostiako Udalak alegazioak aurkeztu zituen, argudiatuz kuartelen lursailaren izaera urbanoa zela ehun metroko muga ezartzen zuen legea indarrean sartu aurretik eta, beraz, 1988ko legeak ezartzen zuen salbuespenari eutsiz, hogei metrokoa zela kuarteletan aplikatu beharreko mugatze lerroa. Ura Agentzia eta Espainiako Defentsa Ministerioa (lursailaren jabea, oraindik) udalaren argudioekin bat zetozen, eta argudioak ontzat eman ditu orain Espainiako Trantsizio Ekologikoko Ministerioak ere, operazioari bidea berriz ere irekiz.
73,3 milioi euro
EAJk Espainiako Aurrekontu Orokorrak babestearen truk, kuartelak udalaren eskuetan uztea adostu zuten alderdi jeltzaleak eta Espainiako Gobernuak 2020an. Handik bi urtera, 2022ko azaroan, udalak eta Espainiako Defentsa Ministerioak adostu zuten kuartelen salerosketa hitzarmena, eta handik urtebetera itxi zuten akordioa, 73,3 milioi euroren truk; bost milioi ordaindu dituzte dagoeneko, 65 milioi eskriturak sinatzean ordaindu beharko dituzte eta beste hiru milioi operazioa bukatzean.
Bertan, 1.500-1.700 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du udalak. Oraindik ez dago zehaztuta etxebizitza horietako zenbat izango diren babestuak, baina akordiorako balorazio teknikoa egin zutenean, legeak ezartzen duen minimoa hartu zuten aintzat: %60 libreak eta %40 babestuak (%20 tasatuak eta %20 babes ofizialekoak). Bertan, auzune berri bat sortuko da; udalak hamarkada luzez egin nahi izan du hirigintza garapen bat eremu horretan.
Kuartelek hartzen duten 17,5 hektareako eremuaz gain, Uliako sei hektareako eremu bat ere udalaren eskuetara pasatuko da, baina dena ezin da urbanizatu. Hain zuzen ere, 142.000 metro koadro bideratuko dituzte bizitegi erabilerara, eta 8.000 erabilera tertziariora, alkateak akordioa adostu zutenean esan zuenez. Bestalde, kuarteletako bi eraikin nagusiak babestuta daude —Infanta Maria Teresa eta Princesa Mercedes—, eta, beraz, ezingo dituzte eraitsi; horregatik, hor ekipamenduak jartzea aurreikusten da.
Militarrak
Donostiako Udalaren eta Espainiako Defentsa Ministerioaren arteko akordioaren arabera, Loiolako kuartelak eta beste lursail batzuk salerosteko, alokairu sozialeko 58 etxebizitza gorde beharko dira atzeko aldean dauden etxebizitza blokeetan bizi diren familientzat; Ametzagainako parkera eta Ubako aterpetxera doan errepidera ematen duten etxebizitza blokeetan bizi direnentzat, alegia. Militarrak eta haien senideak bizi dira eraikin horietan.
Bestalde, 2022ko hitzarmenak zioen eskriturak sinatzen zituzten unetik militarrek lau urte izango zituztela kuartelak uzteko. Militarren kokaleku berriari dagokionez, hasierako akordioa erdietsi zutenean, Defentsa Ministerioak iragarri zuen militarrak kuartelen pareko lursailera joango zirela: Loiolako hipikara, alegia, Defentsa Ministerioarena baita eremu hori ere