San Telmo museoko aldare nagusiaren aurrera lekualdatu dute komentuaren fundatzaileen hilobia

San Telmo komentuaren fundatzaileen hilobia, Idiakeztarrena, aldare nagusiaren aurrera lekualdatu du izen bereko San Telmo museoak. Komentuaren fundatzaile izandako Alonso de Idiakez eta Gracia de Olazabalen marmol zurizko hilobi-ohearen erreprodukzioa alboko kapera batean egon da 2010etik, eta, aldaketa honekin, jatorrizko kokapena berreskuratu du.
Egun San Telmo museoa kokatua dagoen domingotarren komentua Alonso de Idiakezen, —Carlos V. enperadorearen estatu-idazkaria— babespean eraiki zen XVI. mendean. Haren seme Juan de Idiakezek, gurasoen omenez, marmol zurizko hilobi monumentu bat egiteko eskatu zion Taddeo Carlone artistari.
Bi fundatzaileen hobiak kalte handiak jasan zituen 1813ko arpilatzean; eskultura etzanak eta bi armarriak soilik kontserbatu ziren. Ondoren, bi figurak banatu egin zituzten, eta modu independentean kokatu zituzten elizan.
2010ean, irakurketa historiko-artistikoa errekuperatzeko, jatorrizko hilobi ohearen erreprodukzioa egin zuten —material berriekin, baina jatorrizkoaren neurri eta ezaugarri berberekin— eta berriz ere elkarren ondoan jarri zituzten bi eskultura etzanak elizan. Hala, 2011n museoa berritu zenetik, elizaren albo-kapera batean egon da Idiakeztarren hilobia.
Lekualdatze honekin, ordea, jatorrizko lekura itzuli da hilobi monumentua, patronatuak emandako pribilegioetan jaso bezala: besteak beste, tribuna pribatua edukitzea, kriptan lurperatuak izatea edo hilobi exentua izateko eskubidea, zoladuraren gainean eta aldare nagusiaren aurrean.