Bi lagun atxilotu dituzte Antiguako etxebizitza batean lapurreta egiten saiatzeagatik
Atxilotuak zihoazen autoan sarrailak behartzeko erremintak, aurpegia estaltzeko jantziak, piperbeltz-espraiak eta eskudirua aurkitu dituzte.

Ertzaintzak bi gizon atxilotu ditu bart gauean Donostian, etxebizitza batean indarrez lapurreta egiten saiatzea leporatuta. Asteartean, 21:00ak aldera, Antiguako bizitegi gune bateko bizilagunek Ertzaintzara deitu zuten bi gizon eraikinaren sarrerako ateko sarraila behartzen harrapatu zituztela esanez.
Bertaratu ziren ertzainek bi gizonei eta erabili zuten ibilgailuari buruzko informazio bildu zuten, eta ia ordubetera, susmagarrien bilaketan parte hartzen ari ziren poliziek alderrai zebilen ibilgailu bat atzeman zuten. Bidaiariak bat zetozen jasotako deskribapenarekin, eta identifikatu egin zituzten bai gidaria bai kopilotua, 40 eta 50 urteko bi gizon.
Autoaren miaketan,ertzainek aurpegia estaltzeko hainbat jantzi eta haririk gabeko hiru entzungailu pare topatu zituzten ordezko gurpilaren zuloan, baita sarrailak behartzeko erremintak, bi piperbeltz-esprai, bi sakelako telefono, hiru SIM txartel eta eskudirua –5.290 euro, 25 dolar eta 50 lari georgiar– ere ibilgailuko beste txoko batzuetan.