Droga trafikoagatik erregistratutako delituak, azken urtean Donostian gehien igo direnak
Donostian, igoerak izan dira, besteak beste, ebasketa delituetan eta sexu askatasunaren aurkakoetan. Jaitsierak izan dira, aldiz, Internet bidezkoetan eta etxeetan indarkeriaz egindako lapurretetan.

Espainiako Barne Ministerioak joan den urteko kriminalitatearen balantzea argitaratu du, eta, horren arabera, 2024an, aurreko urtearekin alderatuta, %6,4 igo da aurrez aurreko delituen kopurua Gipuzkoan eta %11,8 jaitsi dira Internet bidezkoak. Espainiako Poliziaren, Guardia Zibilaren, Ertzaintzaren eta bestelako autonomia erkidego batzuetako Polizien eta estatuari datuak ematen dizkieten bestelako tokian tokiko Polizien datuak hartzen ditu aintzat balantzeak, esku hartze polizialak eta salaketak kontuan izanda.
20.000 biztanletik gorako udalerrietako datu zehatzak ere argitaratu dituzte txostenean, eta, Donostiaren kasuan, delitu guztiak aintzat hartuz, %11,8 igo da delitu kopurua 2024an —11.047 delitu erregistratu dituzte hirian 2024an, guztira—, eta %18,4 soilik aurrez aurrekoak kontua izanda (9.055). Agiri horretako datuen arabera, Donostia da kriminalitatearen igoera handiena izan duen Gipuzkoako hirugarren hiria, Eibarren eta Errenteriaren atzetik. Zarautz, Hernani eta Irun dira, aldiz, jaitsiera handienak izan dituzten udalerri gipuzkoarrak.
Datu zehatzak, igoerak eta jaitsierak
Donostiako datuei dagokienez, igoera handiena droga trafikoaren inguruko delituetan erregistratu dute, 131 deliturekin, 2023an baino %61,7 gehiago. Hara ere, kuantitatiboki, ebasketa delituak dira gehien erregistratu dituztenak: 3.728, aurreko urtean baino %32,8 gehiago. “Gainontzeko kriminalitate konbentzional” gisa erregistratuta daude, aurrez aurreko delituen barruan, 3.891 (%15,6 gehiago).
Bestalde, sexu askatasunaren aurkako 121 delitu erregistratu zituzten 2024an, aurreko urtean baino %14,2 gehiago. Horietatik, 27 bortxaketa gisa daude erregistratuta, 2023an baino %28,6 gehiago.
Nabarmentzekoa da, halaber, hilketa bat izan zela 2024an Donostian —txostenaren arabera, 2023an ez zen bat bera ere erregistratu—, eta hamalau saiakera, 2023ko datu berdina. Igoerak izan dira, baita ere, indarkeriaz egindako lapurretetan (287, %22,1 gehiago).
Era berean, jaitsierak ere aipatzekoak dira Donostiako datuetan: liskar eta lesio delitu larriak eta ez hain larriak %4,7 jaitsi dira (281), ez da bahiketarik erregistratu (2023an, bi), etxebizitzetan edo establezimenduetan indarkeriaz egindako lapurretak %19,5 jaitsi dira (531) eta ibilgailu lapurretak %9,1 jaitsi dira (70).
Bestalde, Internet bidezko delituak nabarmen jaitsi dira: %11 (1.992). Halako delituetako gehienak iruzurrak dira: 1.780, 2023an baino %11,3 gutxiago.
PP, neurri eske
Balantzea argitaratu ostean, Donostiako Alderdi Popularrak “neurriak” eskatu ditu, baina ez du proposamen zehatzik egin. “Hausnarketa sakona” eskatu du Borja Corominas bozeramaileak: “Hiriari buruzko hausnarketa bat, jakiteko zeintzuk diren gure hirian segurtasun falta areagotzearen arrazoiak, zeintzuk diren ondorioak eta, batez ere, zer egin dezakegun hain kezkagarria den noraez hori geldiarazteko”.