Euskararen aurkako azken ebazpena salatu dute udal langileek
Arratsaldean, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bagera elkarteak deituta, epaiaren aurkako mobilizazio nagusia egingo dute.

Donostiako Udaleko Langileen Batzordeak, LAB eta ELA sindikatuen eta Euskalgintzaren Kontseiluaren babesarekin, euskararen aurkako azken ebazpena salatzeko elkarretaratzea egin du asteazken eguerdian Alderdi Ederren. Arratsaldean, 18:30ean, herritarrak epaiaren aurka eta hizkuntz eskubideen alde leku berean elkarretaratzera deitu dituzte Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bagera Euskaltzaleen Elkarteak.
Izan ere, joan den astean, Donostiako bi udaltzainen inguruko auzia behin betiko itxi zuen EAEko Auzitegi Nagusiak, berretsiz Donostian udaltzain izateko B2 mailako euskara eskakizuna egitea “diskriminatzailea” dela. Euskararen aurkako oldarraldi judizialaren testuinguruan kokatu behar da epaia, eta, hain zuzen ere, epaia deitoratu zuen joan den astean Jon Insausti udaleko Euskara zinegotziak: “Faltsua den premisa bat daukagu mahai gainean: euskara lehenesten dugula gaztelaniaren gainetik. Hori ez da zuzena”.