Euskararen aurkako azken ebazpena salatzeko mobilizatuko dira arratsaldean

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bagera Euskaltzaleen Elkarteak deituta, elkarretaratzea egingo dute gaur (hilak 12), 18:30ean, Alderdi Ederren, euskararen aurkako azken ebazpena salatu eta hizkuntz eskubideak aldarrikatzeko. ELA eta LAB sindikatuetako udaleko sail sindikalek ere epaia salatzeko elkarretaratzea egingo dute, 12:00etan.
Izan ere, joan den astean, Donostiako bi udaltzainen inguruko auzia behin betiko itxi zuen EAEko Auzitegi Nagusiak, berretsiz Donostian udaltzain izateko B2 mailako euskara eskakizuna egitea “diskriminatzailea” dela. Euskararen aurkako oldarraldi judizialaren testuinguruan kokatu behar da epaia, eta, hain zuzen ere, epaia deitoratu zuen joan den astean Jon Insausti udaleko Euskara zinegotziak: “Faltsua den premisa bat daukagu mahai gainean: euskara lehenesten dugula gaztelaniaren gainetik. Hori ez da zuzena”.
Horrela, azkenaldian antzeko epaiak izan diren guztietan egin duten moduan, herritarrak Alderdi Ederren elkarretaratzera deitu dituzte Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bagerak, euskararen aurkako oldarraldi judizialari aurre egiteko: “Tamalez, epaitegien azken erabaki honek, euskaraz bizi nahi duten donostiarrak bigarren mailako herritar izaten jarraitzera kondenatuko ditu. Horregatik, gogor salatu nahi dugu botere judizialaren injerentzia hau, udalei dagokielako herritarrekin harremana izango duten langile publikoei dagokien hizkuntza eskakizuna zehaztea, hizkuntza eskubideak bermatzeko beharrezkoak diren hizkuntza politikak erabaki eta aurrera eramatea”, salatu dute Kontseiluak eta Bagerak.
Era berean, euskaldunon “eskubideak egiazki bermatuko dituen arkitektura juridiko berri bat” aldarrikatu dute: “Euskararen ezagutza eskubide sozial eta unibertsala izatea lortu eta euskaraz bizitzea posible egingo duen zoru berri bat. Izan ere, botere judizialak orain arte indarrean egon diren hizkuntza politikaren joko arauak aldatu ditu, euskararen ofizialtasuna eta normalizazio prozesua blokeatzeraino”.
“Larritasun honen aurrean, mobilizazio soziala ezinbestekoa da”, gaineratu dute: “Bada garaia urrats bat aurrera egin, euskararen gaia erdigunean jarri eta elkarrekin eragiteko. Oldarraldiak ezarritako ziurgabetasun juridikoa gainditzeko lege aldaketarik egin ezean, auzitegietatik hartzen ari diren erabakien ondorioek atzerapauso handiak eragin ditzakete urte luzeetako ahaleginari esker lortutako eskubideetan eta euskararen biziberritze prozesuan”.