Homeroren 'Odisea' liburua euskaraz argitaratu du Balea Zuria argitaletxeak
Hilaren 17an aurkeztuko dute Donostian Matias Mujika itzultzailearen lana.

Homeroren Odisea poema liburua euskaratu du Matias Mujika itzultzaileak (Iruñea, 1961), eta Balea Zuria argitaletxeak argitaratu du. Liburua Donostian aurkeztuko dute hilaren 17an, 12:00etan, Udal Liburutegiko Mandasko Dukearen aretoan.
“Iliada eta Odisearekin batera hasi zen greziar literatura, hau da, mendebaldeko literatur tradizioa. Bi epopeia luzeen konposizioa VIII. mendean koka daiteke. Odisearekin Homerok epikaren gaiak berritu zituen, gudu eta heriotza heroikoetan zentratzeari utzi, eta bidaia eta abenturak kontatzeari lotu zitzaion. Itzulera baten istorioa ere bada Odisea, eta ondotik etorritako itzuleren iturburua. Horrez gain, nortasunen kontakizuna ere bada Odisea. Homeroren gizatasunak ez du lokarririk ez kortserik onartzen, eta horrek, dudarik gabe, asko handitzen du Odisearen interesa, gizakia bai bere dimentsio historikoan –aldakorra–, bai bere azpi-azpiko mamian –aldaezina– aurkezten baitigu. Azken batez, Homeroren irakurketak bi gauza ematen dizkigu ikustera, oso jakingarriak biak: zenbateraino aldatu garen, eta zenbateraino ez garen batere aldatu”, adierazi du argitaletxeak.
Matias Mujikak ekarri du euskarara, neurtitzetan itzulia. Hainbat literatur lan itzulitakoa da Mujika; besteak beste, Louis-Ferdinand Celineren Gauaren muturrerainoko bidaia, Joseph Rothen Edale santuaren kondaira, Guy de Maupassanten Mari Gizen eta beste zenbait ipuin, Boccaccioren Dekameron: hamar ipuin, Goetheren Werther gaztearen arrangurak edota François Villonen Testamendua. Azken lan honegatik Euskadi Literatura Saria jaso zuen 2017an, itzulpengintza arloan.