Kaldereroez eta inude eta artzainez disfrutatzeko aukera egongo da asteburuan hainbat auzotan
Oraindik ez dira kalera atera hiriko kalderero eta inude eta artzain guztiak, asteburu honetan Antiguan, Loiolan, Loiolako Erriberan eta Amara Berrin disfrutatu ahalko baita jai horiez.

Azken bi asteburuotan, kaldereroak ospatu dituzte Amara Berrin, Egian, Herreran, Aieten, Grosen, Txomiñenean, Parte Zaharrean eta Amaran, baita inude eta artzainak Grosen eta Parte Zaharrean ere. Hala ere, jai horiek ez dira bukatu oraindik, eta hainbat auzotan ospatuko dituzte asteburu honetan.
Kaldereroei dagokienez, ostiralean (hilak 14), Jakintza ikastetxeko haur hezkuntzako haurrak Antiguako kaleetatik ibiliko dira, 15:00etatik 16:30era, Erregezaintza kaletik abiatuta. Ez dira izango, ordea, Antigua zartagin eta mailu hotsez beteko duten bakarrak, helduak larunbatean aterako baitira kalera: 20:30etik 23:30era, auzoan barrena ibiliko dira, Bentaberriko kiroldegitik abiatuta.
Era berean, larunbatean, Loiolatarra elkarteko kaldereroek desfilatuko dute Loiolatik: 18:30etik 20:00etara arituko dira inauteriak iragartzen, elkartetik bertatik abiatuta.
Inude eta artzainak, igandean
Duela bi asteburu Groseko Artaiñu konpartsako inude eta artzainen txanda izan zen, joan den asteburuan Parte Zaharreko Kresala elkartekoena eta, asteburu honetan, Ikasbide ikastetxekoena. Hain zuzen ere, igandean arituko dira dantzan, Loiolako Erriberan eta Amara Berrin barrena.
Ikastetxetik bertatik abiatuko dira, 11:30ean, eta Loiolako Erribera zeharkatu ostean, Amara Berriko kaleetatik dantzatuko dira, Probestu plazan 14:00etan amaitzeko. Bestalde, martxoaren 1ean izango dira aurtengo azken inude eta artzainak, Antiguakoak, alegia.