Loiolako kuartelen akordioa birnegoziatzeko eskatu die EH Bilduk udal gobernuari eta Espainiako Gobernuari

Hilabeteetako ziurgabetasunaren ostean, Loiolako kuartelen hirigintza operazioa aurrera eramateko mugatze lerroaren “korapiloa” argitu izana albiste ona dela uste du EH Bilduk. Batetik, etxebizitza berrien antolamendua herritarren beharretara “hobeto egokitzeko” aukera ematen duelako, eta bestetik, aukera irekitzen duelako hiriaren eremu horretan “aspalditik beharrezkoak diren” eta bizilagunek aldarrikatzen dituzten ekipamendu eta zerbitzuak martxan jartzeko. “Zor historikoa dago Urumearen ibarrean bizi diren donostiarrekin”, nabarmendu du EH Bilduk ohar baten bidez.
Ordea, Espainiako Gobernuarekin 2023ko abenduan sinatu zen hitzarmena behin behinean etenda egon ostean, berraktibatuko den une hau baliatu nahi dute Donostiako udal gobernuari eta Espainiako Gobernuari “arduraz” kudeatu dezatela eskatzeko, “konpromisoz eta egiazko borondate politikoarekin”, Donostian dagoen etxebizitzaren “arazo larriari” aurre egiteko.
EH Bilduren ustez, hitzarmena hobetu daiteke, Donostiaren interesei dagokienez “gehiago” exijituz; “hau da, ordainduko diren 74 milioi euroak eta aurreikusitako etxebizitza publiko babestuen (BPE) portzentaia berraztertuz eta birnegoziatuz”, zehaztu dute. Halaber, eta iragan astean prentsa agerraldian EH Bilduk eskatu zuena gogora ekarriz, Eusko Jaurlaritza eta Etxebizitza saila “hitzarmenera batzeko ahalegina egitea” eskatu dute, etxebizitza publiko gehiago egin eta salmentaren prezioa murrizteko helburuarekin.