Telpark enpresako langileek otsailaren 15ean egingo dute lehen lanuztea
ELAk salatu duenez, enpresak garbiketako eta segurtasuneko langileak murriztu ditu, eta orain aparkalekuetako agenteak kaleratu.

Iazko irailean hasi ziren mobilizatzen Telpark enpresako langileak. Segurtasun falta eta murrizketak salatu zituzten, eta, ordutik, egoerak ez du hobera egin. Hori dela eta, otsailean lanuzteak egingo zituztela iragarri zuten. Horren harira, ELA sindikatuak lan gatazkaren berri eman du.
“Empark Aparcamientos y Servicios enpresa multinazionalak lau pertsona kaleratu zituen urtarrilean aparkalekuak kudeatuko dituen enpresa berri bat kontratatu ahal izateko. Horrek zerbitzu publiko baten gehiegizko azpikontratazioaren kateatzea dakar”, kritikatu du ELAk. Easo, Katalunia plaza, Atotxa, Bulebar, Okendo eta Kontxa azpian dauden aparkalekuak kudeatzen ditu enpresa horrek.
Lau pertsona kaleratzeaz gain, enpresak lan baldintzak aldatu eta gaueko txanda desagerrarazi nahi duela gaineratu dute. ELAren arabera, horrek ez du bermatzen ez zerbitzu ona ez aparkalekuen funtzionamendu ona izatea. “Aparkalekuen segurtasuna ere ez du bermatzen, erabiltzaileek Madrilgo zentralarekin komunikatzen den interfonoa erabili beharko baitute edozein arazo edo ezustekoren aurrean”, adierazi dute.
Bestalde, ELAk gogorarazi du aparkalekuak publikoak direla, nahiz eta enpresa kudeatzaileak pribatuak izan, eta Donostiako Udalak zerbitzua enpresei esleitzeko duen erantzukizuna kritikatu du.
Gauzak horrela, ELAk langileen lanuzteak babestuko ditu Empark eta Moyua enpresak “sektoreko lan baldintzak prekarizatzen” ari direla salatzeko. Lehendabizikoa larunbatean izango da, hilaren 15ean. Langileek 11:00etatik 19:00etara egingo dute lanuztea, eta 12:00etan Bulebarreko kioskoaren aurrean elkarretaratuko dira.