Alokairuen prezioei mugak jartzeko mozioa aurkeztu dute udalean hainbat herri plataformek

Alokairu, Azorako Masterrak eta Kaleratzeak Stop herri plataformek mozioa aurkeztu dute Donostiako Udalean, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Foru Ogasunari zergadunen eta hiriko katastroaren datuak “behingoz” prest edukitzeko eskatzeko. Donostian ez ezik, Irunen eta Lasarte-Orian ere aurkeztu dituzte mozio horiek. “Datu horiek behar besteko aurrerapenarekin bidali behar zaizkio Etxebizitza Ministerioari —erreferentziazko prezioen indizeak egiteko arduradunari—, ezinbestekoak baitira udalerri horiei eragiten dieten alokairu espekulatiboak topatzeko eta mugatzeko”, azaldu dute plataformek.
Adierazi dutenez, hiru plataforma horietako kideak otsailaren 27an Donostian egingo duten osoko bilkuran egongo dira. “3.000 etxebizitza baino gehiago ditu Donostiak edukitzaile handien esku, Blackstone eta Azora bezalako funts putreak barne”, nabarmendu dute.
“Hiru plataformak kezkatuta eta haserre gaude Foru Ogasunak zergadunen datuak eta Gipuzkoako udalerri tentsionatuetako katastroa eskura izateko izan duen atzerapen ulertezinarekin. Bereziki, 2024ko apirilean Gipuzkoako Batzar Nagusietan mozio bat aurkeztu genuelako ogasunak datu horiek prest izan zitzala eskatuz, eta eskaera hori maiatzaren 8ko ebazpenean jaso zelako”, adierazi dute.
Salatu dute zortzi hilabete igaro direla aldundiak eta ogasunak beren eginbeharra bete gabe, eta horregatik aurkeztu dituztela aipaturiko mozioak. “Etxebizitza sailburuaren azken adierazpenen arabera, Eusko Jaurlaritzak Lasarte-Oria udalerri tentsionatua izendatzeko emandako agindua apirilean argitaratu ahal izango litzateke Estatuko Aldizkari Ofizialean, eta, ondoren, Donostia, Irun eta beste udalerri batzuk. Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Foru Ogasunari exijitzen diegu Etxebizitzaren Legea arduraz eta aitzakiarik gabe bete dezatela, eta prest izan ditzatela Gipuzkoako 22 udalerri tentsionatuen datuak”, nabarmendu dute.