Sahararen aldeko kontzertua egingo dute martxoaren 8an
Antzoki Zaharrean egingo duten emanaldirako sarrerak bihar jarriko dituzte salgai, 11:30ean. Besteak beste, Mikel Azpiroz hirukoteak eta Travellin' Brothers taldeak joko dute.

Club 44 eta Donostia Kulturak antolatuta, saharar herriaren aldeko elkartasun kontzertua egingo dute martxoaren 8an. Antzoki Zaharrean aurrera eramango duten ikuskizuna 20:00etan hasiko da eta parte hartuko duten artistak Mikel Azpiroz hirukotea, Travellin’ Brothers, Aurora Beltran, Lucia Socam, Carmen Paris, Connie Corleone & Ernesto Cossio eta Maite Larburu dira. Sarrerek 10 euro balio dute eta bihar, hilak 14, salgai jarriko dituzte 11:30ean.
Emanaldian, Katuan harresiaz gaindi: Saharar herriaren aldeko abestiak diskoaren hirugarren zatia aurkeztuko dute: Estatuko 52 artistek lau hizkuntza ofizialetan herri sahararraren alde grabatutako abestiekin osatu duten 3CDko kaxa.
Antolatzaileek azaldu dutenez, kontzertu honen helburu nagusia Mendebaldeko Saharako herriak bizi duen egoeraren berri ematea da. “Iritzi publikoaren arreta Israel Gazan egiten ari den genozidioan dagoenez, inoiz baino garrantzitsuagoa da gogoratzea aurten 50 urte beteko direla Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu zuenetik”.