50 urte altzatarrak auzoaren alde antolatzen hasi zirenetik
Mende erdia bete berri da Altzako bizilagunak auzo elkarte batean antolatu, eta auzoarentzako hobekuntzak lortzeko mobilizatzen hasi zirenetik. Bidea urratu zuen elkarte horrek, baita zenbait lorpen esanguratsu lortu ere.

Altza gaina, Arriberri, Arrizar, Buenavista, Los Boscos, Molinao, Oleta-Pikabea, Erroteta eta Santa Barbarako barrutietako 24 ordezkari elkartu egin ziren 1974ko abuztuaren 20an, eta Altzako auzo elkartea sortu zuten: Altzako auzoko bizilagunen eta jabeen elkartea, zehazki. Iaz, beraz, 50 urte bete ziren bidea urratu zuen auzo elkarte hori eratu zenetik, eta Altzako Historia Mintegiko Antxon Alfarok elkartearen historia errepasatu zuen Estibaus.info atarian.
Gainera, laster elkarteari buruzko material gehiago jarriko du eskuragarri Altzako Historia Mintegiak, Mertxe Fernandez Boga auzotarrak, 1980ko hamarkadan elkarteko kide izan zenak, mintegiaren esku utzi baititu elkartearen ibilbideari buruzko argazki, dokumentu, akta eta bestelako material ugari: «Ehunka dokumentuak digitalizatzeko eta katalogatzeko lanari ekin diogu, eta ondoren Altzako Tokiko Bilduman eskainiko ditugu, altzatarren memoria historikoa aberasten jarraitzeko», zioen Alfarok aipaturiko artikuluan.

Auzo elkarteak Altzako anbulatorioaren alde jarritako pankarta bat, Erroteta auzunearen inguruan, 1980an.Mertxe Fernandez Boga/Altzako Historia Mintegia
1974ko azaroan, lehen bilera
Abuztuan sortu zuten elkartea, baina azaroan egin zuten lehenengo bilera. Bertan, ardurak banatu zituzten: Ignacio Jauregi izendatu zuten presidente, Ignacio Maritxalar presidenteorde, Roberto Mendiguren idazkari eta Andres Gartziandia diruzain. Era berean, beste hogei kide zituen elkarteak: Joaquin Atorrasagasti, Martin Elizasu, Braulio Maeztu, Mariano Martinez, Julio Santos, Saturnino Aristegi, Maria Jesus Baigorretegi, Mario Dominguez, Esteban Frutos, Jose Aranguren, Santiago Sanfrancisco, Jose Manuel Varona, Florencio Alonso, Jesus Cuevas, Victor Fernandez, Jose Joaquin Agirre, Jose Zubieta, Julian Bidegain, Jose Ignacio Goñi eta Felix Iranzo.
Pixkanaka eta lan militante handia eginda, Altza hobetzea lortu zuten herritar haiek, auzo elkartean antolatuta
Lehenengo bilera hori, Alfarok akta liburutik ateratako informazioak dioenez, Altzako alkateordetzan egin zen, eta bertan izan ziren, elkarteko kideez gain, Maria Dolores Casi Donostiako Udaleko Barruti eta Auzoetako alkateordea, Etxeberria eta Alvarez Sacristan zinegotziak eta Iñaki Begiristain Altzako auzo alkatea. Bileraren amaieran, Altzako Herria Donostiako Udalari Atxikitzeko Akta irakurri zuten udal ordezkarien aurrean. Gogoratu behar da Altza herri independentea izan zela 1937ra arte, eta Donostiak orduan bereganatu zuela, erregimen frankistaren babesarekin.

Toschi fabrikaren eta Los Boscos auzunearen arteko bidea, 1985ean; Altzako zona asko urbanizatu gabe zeuden garai hartanMertxe Fernandez Boga/Altzako Historia Mintegia
Borrokak
Langile auzoa da egun Altza, eta orduan ere bazen, noski. Hain zuzen ere, langileentzako etxebizitza ugari eraiki zituzten bertan XX. mendearen erdialdean, baina, sarritan gertatzen den moduan, auzoak gabezia ugari zituen. Horrela, hutsune horiei erantzuna ematen saiatzeko jaio zen elkartea: «Erroteta eta Santa Barbarako urbanizazioa, auzoa amiantoarekin kutsatu zuen Toschi-Ibericako fabrikaren itxiera, eskola eraikin berriak, anbulatorioa, Casares Kultur Etxea…», dio Alfarok artikuluan.
Horrela, pixkanaka eta lan militante handia eginda, Altza hobetzea lortu zuten herritar haiek, auzo elkartean antolatuta. Horrela ere, asko dira oraindik Altzak zein hiriko gainontzeko auzoek dituzten beharrak, gabeziak eta mehatxuak. 50 urteren ondoren, Altzako bizilagunen elkarte historiko horren historiak erakusten du auzoetatik gauza handiak lortu daitezkeela.