Apirilaren 1ean emango dizkiete giltzak Marruseko baratzeak egokitu zaizkienei

Marrus inguruko baratze publikoetako giltzak apirilaren 1ean jasoko dituzte baratzeak egokitu zaizkien herritarrek. Ekologiako zinegotzi Iñigo Garciak gogorarazi duenez, “fase honetan 82 baratze berri sortu dituzte, eta horien esleipendunak 2023an egindako deialdiko erreserba zerrendetan sartzen ziren, orduan zehaztu zen bezala. Bigarren fase honetan, 170 dira Marrus inguruko baratze publikoak; izan ere, baratzetarako lursailaren zati batean amiantoa atzeman zuten. Lurzati hori baztertu egin dute erabilera horietarako, baina, behar bezala tratatu ondoren, aisialdirako erabili ahal izango da”.
Bigarren fase honetako baratzeen esleipendun bakoitzak 60 euroko kanona ordaindu beharko du urteko, eta 100 euroko fidantza jarri. Egunotan, udalaren gutun bat jasotzen ari dira esleipenaren xehetasun guztiekin, eskatutako kopurua ordaintzen ez bada baratzeari uko egiten zaiola ulertuta.
Udalak, gainera, baratzezaintza ekologikoari buruzko ikastaro bat emango die esleipendunei. Erabiltzaile berriek inguruan dagoen etxola erabiltzeko giltzak jasoko dituzte. Etxola horretan, lehen faseko esleipendunak beren nekazaritzako lanabesak uzten ari dira.
Une honetan, itxaron zerrendetan 370 pertsona daude, eta horietatik hamasei desgaitasuna duten pertsonen kupoari dagozkio. Urtero, apirilaren 1ean berritzen dituzte baimenak.