EH Bilduk batzar irekiak egingo ditu auzoetan HAPOa lantzeko

Hiri antolamendurako plan orokorra (HAPO) berritzeko prozesua aurrera doa aurrerakinaren lanketarekin. EH Bilduren ustez, “etorkizuneko Donostia nolakoa izango den definitzeko” garrantzitsua izango da. “Ordea, Donostiako Udal Gobernuak egin duen parte hartze prozesua ez da nahikoa anbiziotsua izan”, deitoratu dute. Hori dela eta, otsailetik azarora bitarte, batzar irekiak antolatu dituzte auzoetan.
“Helburua eragileak eta auzoak gonbidatu eta egin dituzten ekarpenei bide ematen saiatzea da eskura ditugun baliabideekin”, azaldu dute. “Hitzorduok ere probestuko ditugu EH Bildutik ditugun proposamenak eta hiri ereduaz dugun begirada konpartitzeko”, gaineratu du udal taldeak.
Lehen datak eta lekuak
Hiru dira iragarri dituzten batzar irekiak. Otsailaren 19an, Antigua-Berio-Igara-Añorga-Aiete eremuez ariko dira Luberri institutuko liburutegian, 18.00etan. Martxoaren 25ean, Erdialdea-Parte Zaharra-Gros-Egia eremuak izango dituzte aztergai, udaletxeko Urumea aretoan, 18:00etan. Maiatzaren 28an, berriz, Martutene-Txomiñenea-Loiola-Loiolako Erribera eremuak izango dituzte hizpide. Lekua eta ordua aurrerago zehaztuko dituzte.
“Eragileentzat prozesu nekeza dela badakigu, lan handia eta denbora eskatzen diena. Gainera, tamalez, maiz badago sentsazioa egindako lanak ez duela itzulerarik”, aitortu du EH Bilduk. Horri ere irtenbidea eman nahi diote: “Iragarri dezakegu 2025. urtea edukiak jasotzeko urtea izango den bitartean, 2026a lanketen emaitzen berri emateko urtea izango dela jaso eta itzuli formulan oinarrituz”.