Erromeria «goiztiarra» berreskuratuko dute Ibaetako jaietan
Otsailaren 21etik 23ra izango dira Ibaetako jaiak, eta martxoaren 1ean, ohiko legez, Aingeru Zaindariaren Eguna ospatuko dute. Inauteriekin kointziditu du aurten, baina ermitara ez dira mozorrotuta igoko, «betiko tradizioa mantentzeko».

Ibaetako jai batzordea prest dago auzoko festetarako: «Familia baten modukoak gara, eta primeran pasatzen dugu. Horregatik antolatzen ditugu gauzak». Talde horretako Marijose Moraza Eizmendi, Txaro Irizar Ezeiza eta Olatz Balda Sagarzazu kideek azaldu dutenez, aurten, jaiak aurreratu behar izan dituzte, martxoak 1 —Aingeru Zaindariaren Eguna— larunbata delako. «Normalean, hurrengo asteburuan ospatzen ditugu jaiak, baina, aurten, Martxoaren 8a tokatzen denez, zaila izango da jendea hona etortzea. Hori dela eta, aukera bakarra jaiak aurreratzea zen», adierazi dute.
Hilaren 21etik 23ra ospatuko dituzte Ibaetako jaiak beraz, eta hainbat berritasun dituzte egitarauan. «Ostiralean, azken urteotan, afaria egiten genuen. Aurten, aldaketa bat egin nahi genuen, eta erromeria berreskuratu dugu», nabarmendu du Baldak. 3ttu erromeria «goiztiarra» izango dute, eta 22:00etan hasiko da. «Goiztiarra diot, gero, 01:30ean, koskortuentzako zinten lasterketa egingo dugulako», gehitu du jai batzordeko kideak.
«Top» jardueretako bat
Hain zuzen ere, lasterketa horrek auzoko jaietan duen garrantzia nabarmendu nahi izan dute. «Gu gazteak ginenean egiten zen, eta duela 25 urte baino gehiago berreskuratu egin genuen», adierazi dute Morazak eta Irizarrek.
Jarduera hori jendeak «oso serio» hartzen duela diote, eta probara etxetik «zainduta eta ezer edan gabe» joaten direla parte hartzaile asko. «Badirudi kirol proba bat dela, baina hori ez da gure asmoa. Gure asmoa da jai giroan bertan egotea, eta proba egiteko unean bizikleta hartzea», esan du Baldak.
Bizikleten gainean, arkatzak edo boligrafoak lotuta dauden zinten uztaitxoetatik sartzea lortu behar da proban, eta sariak ez dira huskeriak: «Oilaskoak, bazkariak, ardoak, gozokiak… Auzoko establezimenduek eta enpresek doan ematen dizkigute sari horiek, eta oso ondo portatzen dira beti gurekin. Inoiz ez digute ezetzik esan ez dutelako parte hartu nahi; hala izan bada, izan da ezin izan digutelako lagundu», nabarmendu dute.
Santua sakratua da
Esan bezala, aurten, Aingeru Zaindariaren Egunak inauteriekin kointzidituko du martxoaren 1ean. Ermitara mozorrotuta igoko diren galdetuta, ezetz erantzun dute. «Pentsatu genuen mozorrotuta joatea, baina santua sakratua da, eta goian, betiko tradizioa mantendu nahi genuen», esan dute, barre artean. Beraz, ermitatik jaisten direnean, Aratz jatetxean egingo duten bazkarirako mozorrotuko dira. «Arratsaldean egongo gara inauteri giroan; auzoan bertan, non bestela? Hori da plana», azaldu dute.