IBMren System One ordenagailu kuantikoa urteko azken hiruhilekoan hasiko da martxan

Juan Ignacio Pérez Iglesias, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak, atzo goizean aurkeztu zuen Donostian 2025. urteko Kuantikaren Urtea, EAEn “aurrerapen zientifiko eta teknologikorako giltzarri izango den urtea”.
Aurkezpenean, sailburuak eta bere taldeko arduradunek BasQ – BasqueQuantum Estrategiari bultzada ematearen garrantzia nabarmendu dute. Eusko Jaurlaritzak sustatutako proiektu honek hiru Foru Aldundien parte hartzea du, eta lankidetza horrek teknologia kuantikoen ikerketa eta garapen ildo anbiziotsuak garatzeko aukera emango du sektore enpresarialean.
2025eko agenda
Bilera honetan, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak xehetasunez azaldu ditu BasQ Estrategiaren baitan Eusko Jaurlaritzak datozen hilabeteetan garatuko dituen ekintzak Euskadin. Ekintza hauek foru aldundiek garatu ditzaketen ekimenekin osatuko dira, BasQ Estrategian duten parte-hartzearen baitan.
Zehazki, Eusko Jaurlaritzak bere egitasmo programa lau arlo nagusitan egituratu du: zientzialarientzat, industria eta prestakuntzarako, gizartearentzat, eta IBM ordenagailu kuantikoari lotutako ekintzak.
Horretarako, hainbat jardunaldi, eztabaida eta formakuntza antolatu dituzte, konputazio kuantikoaren etorkizuneko profesionalak hezteko eta publiko zabalari gerturatzeko.
IBM System One
Aipamen berezia merezi du IBMren System One ordenagailu kuantikoaren etorkizuneko eraikuntzak, BasQ Estrategiaren garapenerako azpiegitura giltzarri bat izango baita. Ordenagailua Ikerbasque eraikin berrian kokatuko da, IBM-Euskadi Quantum Computational Center egoitza bihurtuz. EAE IBMren konputazio kuantikoaren seigarren nodoa izango da munduan, Estatu Batuak, Kanada, Alemania, Japonia eta Hego Korearekin batera. Mugarri teknologiko honek ikertzaileen, enpresen eta berrikuntza-zentroen arteko lankidetza indartuko du, konputazio kuantikoan oinarritutako irtenbideen garapena azkartuz.