Mozorroen bigarren eskuko azoka egingo dute Tabakaleran

Gerturatzen ari dira inauteriak ere, eta mozorroa falta zaienentzat Mozorrotruk, bigarren eskuko mozorroen azoka, egingo dute hainbat egunetan Tabakaleran. Tabakalera, Impact Hub Donostia eta Emaus Gizarte Fundazioaren elkarlanetik sortutako ekimena da, eta bere helburua ingurumenean ahalik eta inpaktu txikiena izango duten inauteriak bultzatzea da. Tabakalerako 2. solairuan egingo dute azoka, Medialab parean.
Azokan 200 mozorrotik gora egongo dira eskuragarri aurtengo inauterietan berriz erabiltzeko prest. Denetarik topatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek: mozorro osoak, pieza solteak, osagarriak edota jantzi berezi eta jasangarriak sortzeko zatiak.
Mozorroen dohaintzak egin edo trukatu nahi dituztenentzat ere izango da azoka, eta horretarako edukiontzi berezi bat egongo da salerosketa zein lantegi espazioen ondoan. Gainera, mozorroari konponketaren bat egin nahi diotenentzat doako bi lantegi ireki antolatu dituzte: josketa lantegi irekia eta upcycling lantegi irekia. Jostun profesional batek lagunduak izango dira biak eta beharrezko makina, tresna eta materialekin hornituak. Parte hartzeko ez da aurrez izenik eman behar.
Behin azoka bukatuta, saldu gabe geratzen diren mozorroak baita dohaintzan utzi direnak ere, Emaus Gizarte Fundazioaren dendetan jarriko dituzte salgai.
“Mundu mailan ehungintza industria kutsakorrenetakoa den testuinguru batean, honen moduko egitasmoek materialen berrerabilpena sustatu eta hondakinak gutxitzeko benetako alternatiba bat eskaintzen dute. Mozorroen bizitza luzatzeaz gain, gure gizartean errotuak dauden kontsumo ohiturek ingurumenean daukaten talkari buruzko gogoeta zabaltzeko topagune sortzaile bat erraztu nahi dugu”, adierazi dute antolatzaileek.
Datak eta ordutegiak:
Mozorrotruk (bigarren eskuko mozorroen azoka eta trukaketa)
• Otsailak 20, 21 eta 22
• Otsailak 27, 28 eta martxoak 1
• Ostegunak eta ostiralak: 17:30 – 19:30 | Larunbatak: 11:00 – 13:00
Konponketa eta upcycling lantegi irekiak:
• Otsailak 22 | 11:00 – 13:00
• Otsailak 27 | 17:30 – 19:30