Amaia Zubiriak jasoko du aurtengo Monzon-Ganuza Saria
Martxoaren 27an Bergarako Seminaxioan egingo duten ekitaldian emango diote oroigarria.

Amaia Zubiria musikariak (Zubieta, 1947) jasoko du Monzon-Ganuza Saria, “euskal kulturari eta musikagintzari egindako ekarpenari erantzunez”. Martxoaren 27an jasoko du, 18:30ean, Bergarako Seminarixoan izango den ekitaldian.
Telesforo Monzonen heriotzaren 40. urteurrenaren testuinguruan, Monzon-Ganuza sariak Euskal Herriaren kulturari, hizkuntzari, historiari eta etorkizunari bizitza osoan zehar ekarpena egin dieten pertsonak omendu nahi ditu. Aurreko edizioetan Libe Goñi, Xabier Amuriza, Jose Luis Elkoro, Mari Karmen Ayastuy eta Jose Mari Esparza izan dira sarituak, eta aurten Amaia Zubiria izango da aintzatespen hori jasoko duen artista.
Gaur bertan eman dute horren berri, saria ematen duten bi erakundeetako ordezkariek, Begarako Udalaren partez Gorka Artola alkateak eta Olaso Dorrea Fundazioaren izenean Irati Jimenez lehendakariak.
Amaia Zubiria euskal musikaren historian “ezinbesteko figura” dela adierazi dute. “Bere ahots gardena eta interpretazio sentikorra ezagunak dira, eta Haizea taldearekin hasi eta bakarkako ibilbidean euskal musika tradizionala berritu du. Herri kantak, jazza, poesia eta zinema musika uztartuz, hainbat belaunaldiren erreferente bihurtu da. Gainera, emakume kantarien ahotsa lehen lerrora eramanez, euskal musika esparrua eraldatu eta aberastu du. Bere ibilbidean zehar, hainbat musikarirekin lankidetzan aritu da, eta hainbat disko argitaratu ditu, euskal musikaren esparruan mugarri bihurtu direnak”, azaldu dute.
Bere ekarpena ez da soilik musika arlora mugatzen, euskal kulturaren aldeko konpromisoan ere islatzen delako. Zubiriak bere musikan poesiaren indarra nabarmendu du beti, hainbat euskal idazleren hitzak musikatu eta interpretatuz. Halaber, zinemarako egindako ekarpenak ere nabarmenak dira, hainbat film eta dokumentaletarako soinu banda eta musika sortu baititu.
Monzon-Ganuza sariaren bidez, Zubiriaren lanari aitortza egingo diote, eta bere konpromisoa, berrikuntza eta sormenaren bidea goraipatuko dituzte. Zubiriaren hitzetan, “gaur ere ez litzateke txarra izango utopia batzuen atzetik joatea”, eta ideia horrek jarraitzen du bere ibilbide artistiko eta pertsonalean. Sariaren antolatzaileen arabera, “bere sorkuntzan beti berrikuntza bilatu duen artistatzat jo daiteke, musika estilo ezberdinak uztartuz eta tradizioari begirada berritzaile bat eskainiz”.