Bizikleten aparkaleku babestuak optimizatzeko hobekuntzak proposatu ditu Kalapiek
Besteak beste, aparkaleku guztiak udal sisteman barneratzea eta izen emate prozesua erraztea nahi du.

Kalapie Donostiako txirrindularien elkarteko kideak “oso pozik” daude hirian bizikletentzako aparkaleku babestu berriak eraikitzea edo jada badaudenen edukiera handitzea aurreikusi duelako udalak. Izan ere, mugikortasun iraunkorra sustatzeko “ekimen oso positiboa” dela uste dute. Edonola, gune hauen funtzionamendua eta eraginkortasuna hobetzeko proposamen batzuk ere aurkeztu ditu elkarteak, “erabilera erraztu eta handitzeko” helburuarekin.
- Bertan aparkalekua dagoela adierazten duen seinalea jartzea gainazalean, eta ateen ondoan, izena emateko prozedurari eta tarifei buruzko xehetasunak dituzten kartelak.
- Aparkaleku guztiak udal sisteman barneratzea.
- Izen emate prozesua erraztea eta egoiliarrak ez direnei ere zabaltzea.
- Sarbidea arrapala bidez ahalbidetzea.
- Sarea handitzen jarraitzea, oraindik halakorik ez den eremuetan kokaleku estrategikoenak bilatuz, hala nola, Herreran, Martutenen, Añorgan edota Bidebietan.
Kalapiek espero du udalak proposamen hauek kontuan hartzea, baita sarea zabaltzearen eta hobetzearen aldeko apustua egiten jarraitzea ere.