Kutxa Fundazioaren Inspira Gazteak sarietan parte har daiteke martxoaren 23a arte
Gipuzkoan eragin positibo baten alde diharduten 20-30 urte bitarteko gazteek aukera dute euren ideiak, proiektuak edota konpromisoari lotutako ibilbideak aurkezteko.

Kutxa Fundazioak Inspira Gazteak Sariak martxan ditu martxoaren 23ra arte. Helburu nagusia Gipuzkoarekiko konpromisoa duten talentudun gazteak aitortzea da, beren egitekoarekin jarraitzeko aukera berriak eskainiz. Hautagai izan daitezke 20 eta 30 urte arteko lagunak, “ezagutza gehiago duen Gipuzkoa baten alde, sortzaileagoa, justuagoa eta iraunkorragoa sustatzeko bidean” lanean ari direnak.
Guztira 15.000 euroko bost sari banatuko dituzte, bat atal bakoitzeko:
- Gizarte kontzientzia duten gazteak, desberdintasun sozialak murrizteko proiektu eta ekintzetan parte hartzen dutenak edo sustatzen dituztenak.
- Planetaren ongizatearekin eta iraunkortasunarekin konpromisoa dutenak, aktibismotik, salaketatik, ikerketatik eta boluntariotzatik inplikatzen direnak.
- Artearen bidez inguru kultuagoa eta sortzaileagoa eraikitzen ari direnak, aldaketa posible dela irudikatuz, pentsamendu kritikoa sustatuz eta gogoeta eta begirada zabalduz.
- Prestakuntza eta ibilbide profesional desberdinak dituzten gazteak, gizarte ekintzailetzara, enpresa ekimen berritzaileetara eta lurraldean ekosozialki inpaktu handia izan dezaketen proiektuetara bideratuta lan egiten dutenak.
- Gipuzkoari ekarpena egiteko bestelako ekimenetan parte hartzen ari direnak.
Proposamenak jaso ondoren, hamabost hautagai aukeratuko dituzte eta epaimahaiak erabakiko du nortzuk diren irabazleak. Epaileak Aizpea Goenaga, Felix Arrieta, Aitziber Sarobe, Blanca Zaragueta eta Ion Irurtzun dira. Sarituak ekainaren 26an jakinaraziko dituzte.
Oinarriak eta informazio guztia Kutxa Fundazioaren webgunean dago.