Onkologikoa ekainaren 30ean integratuko da Osakidetzan

Eusko Jaurlaritzak iragarri duenez, Donostiako Onkologikoa ekainaren 30ean integratuko dute Osakidetzan. Alberto Martinez Osasun sailburuak eman du albistea Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean. EH Bilduk eskatuta agerraldia egin du Martinezek, Onkologikoaren etorkizunari buruz azalpenak emateko.
Integrazioa “organikoki eta funtzionalki” izango dela esan du Osasun sailburuak. Gainera, protoiterapia zentroa 2027an martxan jartzea aurreikusten dutela nabarmendu du: “Zerbitzu onkologikoan nazioarteko erreferente izango da Donostia Ospitalea”.
Batzordean, Rebeka Ubera EH Bilduren legebiltzarkidea kritiko agertu da. Azken urteotan, “Onkologikoa suntsitzen” aritu direla salatu du, eta jada ez dela “lehen izandakoa, ez da izan bere garaian minbiziaren arloan iragarritako erreferente hori”. Gaineratu duenez, “zeukan balio erantsia, jarduera, pazienteekiko kalitatezko arreta, prozedurak… guztia galdu da, eta Onkologikoa Osakidetzan sartzearekin batera, praktika on guztiak desagertu dira, guzti-guztiak”.
Martinezek aitortu du Onkologikoaren integrazio prozesua “zaila” dela “administratiboki, juridikoki eta lan arloan”, baina adierazi du “azkenean euskal gizarteari on egingo” diola, eta “Euskadi Onkologia sektorean nazioarteko erreferente izateko aukera” irekiko duela.
Era berean, Osakidetzak subrogatu egingo ditu Onkologikoko osasun zentroan lan egiten duten eta Donostialdeko ESIari atxikita geratuko diren langile sanitarioen eta ez sanitarioen —gaur egun 297 dira, eta horietatik 232 finkoak dira— eskubideak eta betebeharrak.
Euskal Herriari begira
Osasun sailburuaren esanetan, Onkologikoaren helburua da arreta ematea Gipuzkoari, Bizkaiari, Arabari, Nafarroari eta baita Ipar Euskal Herriari ere. “Beraz, herri proiektu bat da”, adierazi du. Protoiterapiari dagokionez, esan du 2027rako lehenengo pazienteak tratatu ahal izango direla, “eta, gainera, Estatuko lehenak izango dira”.