'Sinkronia' erakusketaren bisita gidatuak egingo ditu Gotzon Huegun artistak
Eskultore donostiarrak Gladys Enea parkeko Ingurumen Baliabideen Etxean duen bilduma erakutsiko du hilaren 23an.

Urte hasieratik ikusgai dago Gotzon Huegun eskultorearen lanekin osatutako Sinkronia erakusketa Ingurumen Baliabideen Etxean. Bildumak gizakiaren eta naturaren arteko harremana berriro aztertzera gonbidatu nahi du ikuslea, ingurune naturalarekin oreka berrezartzeko eraldaketa sakon baten premia nabarmenduz.
Horri lotuta, Cristina Enea Fundazioak hilaren 23an Huegunen obraren nondik-norakoak biltzen dituen dokumentalaren emanaldia egitea aurreikusi bazuen ere, hori beharrean, bi bisita gidatu antolatu ditu. Lehena, gazteleraz, 11:00etan, eta, bigarrena, euskaraz, 12:00etan. Aldez aurretik izena eman behar da www.cristinaenea.eus webgunean. «Ikusi dugu erakusketa bisitatzen duten pertsonen aldetik eskaera bat dagoela bertako lanen eta piezen inguruko informazioa jasotzeko, eta iruditu zaigu aberasgarriagoa izango dela bigarren proiekzio baten ordez artistak berak eskainitako bi bisita gidatu antolatzea», azaldu du Cristina Enea Fundazioko erakusketa-proiektuen arduradun Eneko Calvok.
Eraikineko hiru aretoetako bakoitzak esperientzia murgiltzaile bat eskaintzen dio bisitariari. Eskultoreak zientziaren, naturaren eta gizatasunaren arteko tentsioak eta harmoniaz aztertzen ditu, lotura horren konplexutasuna islatzen duten forma eta ehundura organikoak erabiliz.