Beste ibilgailuak aparkatzeko abonuak onartu dituzte
Hiriko aparkalekuetan bizikletak, motoak, ziklomotorrak eta patineteak utzi ahal izango dira.

Donostiako Udalak ibilgailu alternatiboen erabiltzaileentzako abonuak onartu ditu. Tarifa berri horiek Telpark enpresarekin, hiriko aparkaleku publiko gehienen emakidadunarekin, udan lortutako akordioari lotuta daude, eta maiatzetik aurrera erosi ahal izango dira, ziurrenik.
Bizikleta, moto, ziklomotor eta patinete erabiltzaileek hiriko aparkalekuetan utzi ahal izango dute euren ibilgailua, hileko prezio finkoan, eta eguneko 24 orduetan.
Bizikletak aparkatzeko 12 euro ordaindu beharko da hilabetero. Plazak, berriz, Alderdi Ederreko —48—, Okendoko —140— eta Cervantes-Kontxako —76— aparkalekuetan jarriko dituzte. Baldintzei dagokienez, ezinbestekoa da adinez nagusia edo 14 urtetik gorakoa izatea, gurasoen edo tutoreen baimenarekin, eta bizikleta udal erregistroan agertzea.
Patineteen kasuan ere, 12 euro ordaindu beharko dira hileko. Armairu itxurakoak izango dira plazak, eta hauek dira aparkalekuak zein kopuruak: Alderdi Ederren hamar, Cervantes-Kontxan hamar plaza eta Okendon momentuz ez dago lekurik. Baldintzak bizikleta erabiltzaileei aplikatuko dizkieten berberak dira.
Azkenik, motorrak eta ziklomotorrak ere aparkatu ahalko dira 55 euro ordainduta hilabetero. Plazak, berriz, Alderdi Ederreko —24—, Okendoko —40— eta Cervantes-Kontxako —56— aparkalekuetan jarriko dituzte. Baldintzak bestelakoak izango dira, trafikoaren arloan aplikatzekoak diren gainerakoak betetzea.