Donostiako alkoholemia eta droga kontrolak non eta noiz jarri zehaztu dute

Donostiako Udaltzaingoak alkoholemia eta droga kontrol prebentiboak ezartzeko programa berria dauka, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean astelehenean argitaratu denez. Programa horrek 2021etik indarrean zegoena ordezkatuko du, eta 2029ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean. Horrela, kontrol prebentiboen kokapenak eta ordutegiak ere zehaztu ditu aldizkari ofizialak.
“Hirian sartzeko edo irteteko bideetan jarriko dira batik bat. Normalean kontrolak jartzen diren bideak saihesteko erabilitako lekuetan ere jarriko dira”, aldizkariak dioenez, eta kokaleku hauek aipatzen ditu zehazki: Urumea pasealekua, Ategorrieta hiribidea, Mendeurren plaza, Foruen pasealekua, Mirakruz kalea eta Tolosa hiribidea. Hala ere, beste kokaleku batzuk ere ezarri ditzake Udaltzaingoak, “hiriko leku jakinetan izandako istripu tasaren, trafikoaren edo intereseko beste faktore batzuen arabera”.
Bestalde, kontrolak “asteburuetan, Gabonetan, Aste Santuan, udaldian eta jaiegun edo jai bezperetan” jarriko dituztela dio aldizkari ofizialak, baina ez soilik: “Zehazki eta derrigorrez, ostiral eta larunbat gauetan jarri beharko dira, baita igande goizetan ere; beharrezko jotzen baldin bada ostegun gauez ere jarriko dira, edo beste edozein egun eta ordutan”. “Udaltzaingoaren zuzendaritza operatiboak kontrol hauetarako beste data batzuk ere jar ditzake turista kopuru handia, jaialdiak, kontzertuak, kirol ekitaldiak, jende kopuru handia dakarten beste ekitaldiak eta abar direla eta. Honez gain, martxan jar daitezkeen bestelako kontrol kanpainekin bat etor daitezkeen datetan ere jarri ahal izango dira kontrolak”, dio, baita ere, dokumentuak.
Kontrolak jartzeko ordutegiak ere irekiak dira: “Buruzagitzak egokien jotzen duen ordutegian egingo dira. Zuzendaritza honek kontutan izango du zein ordutegi den egokiena trafikoaren aurkako arau hausten prebentziorako”.