Donostiako ikastetxe bateko bi irakasle atxilotu dituzte, ustez adingabe bati sexu erasoak egiteagatik
Eraikina udalaren jabetzakoa da, eta gertaturikoa "kezkagarria" dela aitortu du Eneko Goia alkateak

Ertzaintzak Donostiako ikastetxe bateko bi irakasle atxilotu zituen atzo, ustez adingabe bati sexu erasoak egiteagatik. Atxiloketak goizeko lehen orduan egin ziren Hondarribian eta Donostian, gertakari horietan ustez inplikatutako hezitzaileen bizilekuetan. Kasua sekretupean dago eta atzo aurreikusita zegoen atxilotuak epailearen esku uztea.
Zentro hori erabiltzen duen lau urteko adingabe bati ustez sexu eraso bat egiteagatik jarritako salaketaren ondoren hasi zuten ikerketa. Adingabe horrek eredu pedagogiko bat jarraitzen du, hezkuntza publikotik eta itunpetik kanpo. Kasuaren gertuko iturrien arabera, gertakari horiek “oso larriak” dira.
Atxilotuak atzo goizean eraman zituen polizia etxe batera, eta, bitartean, ikastetxea itxi zuten miaketak egiteko. Izan ere, gertakariak ustez zentroaren barruan gertatu ziten. Kasuaren iturriek jakinarazi zutenez, bi atxilotuak lokalean egon nahi izan zuten begizko ikuskapena egiten ari zirela, eta, ondoren, komisariara itzuli ziren, epailearen esku uzteko zain.
“Kezka eta zuhurtzia”
Atxiloketen inguruan galdegin diote Eneko Goia alkateari, Tokiko Gobernu Batzorde osteko prentsaurrekoan. Gertaturikoarekin “kezkatuta” daudela aitortu du udalak, ustezko sexu erasoak udalaren jabetzako eraikin batean gertatu direlako.
“Haur eskola gisa funtzionatzen duten zentro bat da, eta udalaren jabetzakoa. Katalina de Erauso arte elkarteari laga zion udalak, eta gertaturikoa argitzen saiatuko gara”, azaldu du Goiak. Horrela ere, “zuhurtziaz” jokatu behar dela gaineratu du.