Hogei urtez Donostia tokikotik eta euskaraz kontatzen, bizi-bizirik dagoen komunitate batean
IRUTXULOKO HITZAk hogei urte bete zituen otsailaren 17an, eta urteurrena ospatzeko, ekitaldi jendetsu bat egin zuten San Telmo museoan. Ekitaldian, 'Mundu osoa da tokikoa' kanpaina berria aurkeztu zuten, eta mahai inguru batean, hogei urte hauen eta Donostiaren argazki interesgarria egin zuten.

Otsailaren 17an, urteurren borobila ospatu zuen IRUTXULOKO HITZAk: Hogei urte bete zituen. Hogei urte Donostiaren berri ematen, tokikotik eta euskaraz, txikitik eragiten eta komunitate handi bat osatzen. Urteurren garrantzitsua zen, eta ekitaldi indartsu bat prestatu behar genuela pentsatu genuen. San Telmo museoak berehala utzi zigun urteurreneko ekitaldia egiteko aretoa, eta hori lotu ostean, aspaldian lantzen genbiltzan kanpaina borobildu genuen. Diskurtsoa prestatu, eta egun horretarako gonbidapenak egin genituen mimo handiz, instituzioei, alderdi politikoei, auzo elkarteei, gure kolaboratzaileei, eragileei eta norbanakoei bidaltzeko.
Eguna iritsi zenean, gonbidapenen ondoren jasotako baiezkoei esker, bagenekien 60 pertsona, gutxienez, bertaratuko zirela. Aretoan 150 lagunentzako tokia zegoen, eta 19:00ak baino minutu batzuk lehenago, aretoa bete zen, ia eserleku guztiak okupatu arte. “Aretoa betetzen ari da…”, komentatu genuen lankideok, pozik bezain urduri, dena ongi ateratzea nahi baikenuen.
19:00etan hasi zen ekitaldia, eta Andrea Bosch eta Xalba Ramirez IRUTXULOKO HITZAko kazetariek egin zituzten aurkezpen lanak: “Egun garrantzitsua da gaurkoa guretzat, IRUTXULOKO HITZAk, Donostiako euskarazko komunikabideak, hogei urte bete dituelako. Horregatik, gaurkoan, zuekin ospatu nahi izan dugu urteurren borobila”, esan zieten gonbidatuei, ongietorria emanez.
IRUTXULOKO HITZAren ibilbidea
“Hogei urte” azkar esaten da, baina urteurren horrek ibilbide bat du atzean. Ibilbide horren inguruan hitz egin zuten ondoren aurkezleek: “IRUTXULOKO HITZA 2005eko otsailean sortu zen; San Sebastian egunaren bezperan aurkeztu bazen ere, gaurko egunez argitaratu zen lehenengo alea. Donostian euskarazko esparru komunikatibo osoa garatzeko xedearekin sortu zen. Hiriko euskararen normalizazioan eragiteko eta beste lekuetan tokirik ez duten protagonisten eta gaien berri emateko jaio zen proiektua”.
Bere aurrekaria Irutxulo aldizkaria izan zen, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak sortutakoa. Ondoren, 2005ean, Bagerak Berria Taldearen HITZA proiektuarekin bat egin zuen, eta aldizkaria egunkari bihurtzeko fasean sartu zen, honen emaitza da IRUTXULOKO HITZA. Bagera eta Berriaz gain, Donostiako beste 40 elkarte, eskola eta eragilek parte hartu zuten eraketa honetan. “Guzti-guztiei gure eskerrik beroenak adierazi nahi dizkiogu”, adierazi zuten aurkezleek.
Hogei urteotan zehar, proiektuak aro ezberdinak ezagutu ditu. Horien berri ere eman zieten bertaratu zirenei: “Hasieran banaketa masiboekin abiatu zen eta, ondoren, ordaindutako harpidetzen bidez banatzen hasi zen. Lehenengo zortzi urteetan zehar, tokiko informazioa euskaraz jorratzen zuen egunkaria argitaratu zen, eta 2012tik hona astekari formatuan landu da. 2018an, formatua berritu zen, azalberrituz eta orrialde kopurua handituz. 2020an, berriro ere formatuan aldaketa batzuk egin ziren, paper mota eta tamaina berrituz.
Aurkezleek nabarmendu zutenez, “etengabeko eraldaketan” dago kazetaritza, eta garai berriei eta erronka berriei “aurre” egin behar die IRUTXULOKO HITZAk. “Azken urteotan Internet bidez, eta sare sozialen bidez urratsak eman ditugu, gure edukia formatu berrietara egokituz”, adierazi zuten, datu garrantzitsu bat gehituz: “Oraintxe bertan, sare sozialetan jarraitzaile gehien dituen Euskal Herriko tokiko hedabidea gara”.
Horrez gain, proiektuari “loreak botatzen hasita”, IRUTXULOKO HITZAk duela hiru aste jaso zuen Argia Saria izan zuten hizpide: “Azken urte eta erdian gure hirian ikusi dugun eskuin mutur berriaren gorakadaren jarraipena egiteagatik eman digute saria. Gure kazetaritza eredua saritu duten honekin, tokikoarekin eta mundu justuago batekin konprometituta”.
Aldaketaren lekuko
Orain arteko ibilbidea errepasatu ostean, aurkezleek Eneko Goia Donostiako alkateari eman zioten hitza. “Hogei urte hauetan gauza asko gertatu dira gure hirian, eta Irutxulo aldaketa horien guztien lekuko izateaz gain, aldaketa horietara egokitzen jakin izan du. Eta gainera, euskaraz, gure hizkuntzan. Donostia euskararen hiria bada, zuena bezalako hedabideari esker ere bada”, nabarmendu zuen Goiak.
Alkateak adierazi zuen gogoan duela astekaria egunkari paperean argitaratzen zenean: “Ilusio handiz ekin zenioten bideari, eta ilusio horrekin jarraitzen duzue lanean hiriko aktualitatea jarraitzen eta donostiarrontzat garrantzitsuak diren gaiak jorratzen. Formatua aldatu da, profesional dezente pasatu dira erredakziotik, baina edukiek bere horretan diraute, paperean zein Internet bidez, egun, IRUTXULOKO HITZA osatzen duzuen pertsonei esker”.
“Donostia euskararen hiria bada, zuena bezalako hedabideari esker ere bada”
Eneko Goia, Donostiako alkatea
Goiak nabarmendu zuen donostiar askorentzat IRUTXULOKO HITZA informatzeko “tresna garrantzitsua” dela, eta irakurle horiei konfiantza itzultzeko “lan eskerga” egin duela proiektuak hogei urte hauetan. “Ziur naiz hala jarraituko duzuela, izan ere, donostiarren bizitzaren parte garrantzitsu bat izan zarete bi hamarkada hauetan”, adierazi zuen.
Besteak beste, hedabide honek lantzen dituen erreportajeak eta jaiak direla-eta egiten diren argazki galeriak goraipatu zituen alkateak: “Donostiar askoren atentzioa erakartzen dute. Horrek lan handia du atzetik, eta lan horren atzean, lantalde polita dago”.
Horregatik, “horrela jarraitzeko” eskatu zion alkateak lantaldeari. “Hain zuzen ere, Donostiari buruzko albisteak lantzen, irudiak zabaltzen, gure nortasuna eta kultura hedatzen, eta gure historiak euskaraz kontatzen”, adierazi zuen Goiak.
Bertakoen ahotsa
Alkatearen ostean, Amets Ibero Bagerako kideak hartu zuen hitza. Atzera begira jarri, eta azaldu zuen duela hogei urte, Donostian, euskarazko komunikabide baten “behar nabarmena” zegoela: “Bertakoen istorioak, bertakoen hizkuntzan eta bertakoen ahotik jaso nahi genituen. Bagerak, Donostiako Euskaltzaleen Elkarte bezala, berea egin zuen kezka, eta hortik jaio zen IRUTXULOKO HITZA. Helburu argi batekin, eta baliabide baino gogo gehiagorekin ekin zion proiektuari”.
Iberoren hitzetan, “hizkuntza batek ezin du biziraun ez badu erabilerarik, eta ez da erabilgarria hizkuntza horretan informaziorik ezin bada jaso”. Euskaraz irakurtzeko, entzuteko eta ikusteko “nahia eta beharra” aldarrikatu zituen, eta esan zuen Donostian, IRUTXULOKO HITZAri esker, badagoela horretarako aukera. “Zer izango litzateke Donostia jasotako albiste guztiak gaztelera hutsez entzungo bagenitu?”, galdetu zuen, erantzuna ere beak emanez: “Ziurrenik, Erentxunen San Sebastian”. Publikoaren barrea eragin zuen iruzkin horrek.
“Irakurtzea, harpidetzea eta zabaltzea izango dira euskaraz bizitzen jarraitzeko giltza”
Amets Ibero, Bagerako kidea
Bagerako kideak azaldu zuen gaur egun mundu guztiko albisteak jasotzen ditugula, eta batzuetan, gehiago dakigula “Los Angeleseko suteaz, San Martzial kalekoaz baino. Edo Leonardo DiCapriok bere etxeetako bat galdu duela, eta ez pareko bizilagunak”. “Mundu globalizatu honetan, errazagoa da kanpokoaz kezkatuz, bertakoaz ahaztea. Orain, hogei urte pasa eta gero, ezin dugu atsedenik hartu. IRUTXULOKO HITZA bezalako proiektuak babestu egin behar ditugu. Sorreran bezainbeste behar ditugu, edo gehiago”, aldarrikatu zuen Iberok.
Nabarmendu zuenez, euskarazko kazetaritza ez da soilik informazioa zabaltzea, “gure komunitatea ehuntzea, gure hizkuntzan kontatzea eta gure ikuspegia munduari zabaltzea ere bada”. Publikoari begira, honakoa nabarmendu zuen azkenik: “Gure esku dago IRUTXULOKO HITZA bezalako proiektuei babesa ematea. Irakurtzea, harpidetzea eta zabaltzea izango dira euskaraz bizitzen jarraitzeko giltza”.
Mundu osoa da tokikoa
Eneko Goiaren eta Amets Iberoren hitzak entzun ostean, hedabide honen egunerokotasuna eta proiektuaren egitasmoak erakusten dituen bideoa ikusi ahal izan zuten ekitaldira bertaratu zirenek, Hiru Damatxo ekoiztetxeak urteurrenaren harira eginikoa. Bideoaren amaieran, Paula Estevez diseinatzailearekin elkarlanean egindako Mundu osoa da tokikoa kanpaina ikus daiteke. Hona hemen:
Begiratzeko modu bat
Bideoak txalo zaparrada jaso zuen, eta jarraian, Beñat Parra IRUTXULOKO HITZAko zuzendariak proiektuaren garrantzia nabarmendu zuen, fokua hainbat ataletan jarriz.
Tokiko kazetaritzaren inguruan hausnartu zuen lehenik zuzendariak: “Tokikoa begiratzeko modu bat da. Behetik gora begiratzeko modu bat, gertutik begiratzeko modu bat. Hiriaren argazki eta diagnostiko zabalena egiteko modu bat. Garaiaren kronika egiteko modu bat. Izan ere, non gorpuzten dira mundu mailako dinamikak, erronkak, arazoak, arrakastak eta ametsak, tokikoan ez bada? Herritarrengan ez bada?”.
Parrak deitoratu zuen tokiko kazetaritzari, askotan, esleitu izan zaion funtzioa izan dela “lokalismo hutsera mugatzea. Hau da, ia-ia gertakarien atalera mugatzera”. Ordea, tokiko kazetaritza, hori baino askoz gehiago dela nabarmendu zuen: “Tokiko kazetaritzatik, zerbitzu informazioa eman dezakegu, hiriko gertakari ustez txikiak kontatu ditzakegu eta hiriko zein auzoz auzoko jaien berri eman dezakegu. Hori egiten dugu, eta egiten jarraituko dugu. Ez da alferrik Irutxuloko Hitza Donostiako auzo guztietako jaien berri ematen duen hedabide bakarra”.
Horretaz gain, adierazi zuen tokiko hedabideek badutela beste bertute propio bat, “hedabide orokorrek ez dutena”. “Arazo orokorrak lurreratzeko gaitasuna du tokiko kazetariak, eta, honela, langile herriaren bizipenak islatu ditzake, hortik, garaiaren kronika eraikiz. Energiaren garestitzeaz hitz egingo dute hedabide orokorrek, eta guk, familia batek bizitzaren garestitzearen aurrean duen egoera jaso dezakegu. Hirien gentrifikazioaz hitz egin dezakete hedabide orokorrek, eta guk, albistez albiste, jasotzen dugu Donostian ixten diren betiko komertzio eta taberna guztien zerrenda beltz eta mingarria”, adierazi zuen.
“Arazo orokorrak lurreratzeko gaitasuna du tokiko kazetaritzak”
Beñat Parra, IRUTXULOKO HITZAko zuzendaria
Garaiaren kronika egitearen beharraz ere aritu zen zuzendaria: “Garaiaren kronika egiteko, ezinbestekoa da orainera begiratzea. Baina hor ere galderak garrantzitsuak dira. Tokiko kazetaritzaren galdera bakarrak ez dira zer gertatu da? Edo, zer diote gertatu dela? Tokiko kazetaritza gai da galdera ezberdinak egiteko eta zentzu horretan egiten dugu gure lana. Nola bizi dira donostiarrak 2025ean? Zerk kezkatzen ditu? Zerk poztu? Zertan sinisten dute? Zergatik mobilizatzen dira? Zertan irabazi dute? Zer istorio dituzte kontatzeko? Non erosten dute? Kontxara begira bizi al dira denak? Zer proiektu aurreikusten dira hirian?”.
Eta ildo horretan, Donostiako auzoetan eta herrietan IRUTXULOKO HITZAk egiten duen lanketa nabarmendu zuen: “Donostia ez dago soilik badiara begira. IRUTXULOKO HITZAren beste funtzio garrantzitsu bat da Donostia auzo eta herrietatik kontatzea. Hedabide bakarra gara astero-astero Altzan, Parte Zaharrean, Egian, Igeldon, Antiguan, Loiolako Erriberan, Bidebietan eta hiriko gainerako auzoetan dauden protagonistak gure lerroetara ekartzen ditugunak”.
Komunitatearen babesaren beharra
Zuzendariak nabarmendu zuenez, IRUTXULOKO HITZAk egiten duen lanketa hori egiten jarraitzeko, “ezinbestekoa” da herritarren babesa, “tokikotik eraikitzen ari garen komunitatearena”. “Argi dugulako bakarrik ezin dela ezertxo ere egin, saretzea dela bide bakarra”, adierazi zuen, irmo.
Amaitzeko, hedabide honek hogei urte betetzen dituen honetan, desio bat adierazi zuen Parrak: “IRUTXULOKO HITZAk bete ditzala gutxienez beste hogei urte Donostia den horretan kontatzen, eta bidea egin dezala gero eta babes sare zabalago eta indartsuago batekin. Korrikako kantak dioen moduan, pentsatu globalki eta ekin lokalki. Unibertsaletik partikularra eta partikularretik unibertsala kontatzen jarraituko dugu. Tokikotik kontatzen da mundu osoa, mundu osoa da tokikoa”.