Norteko tren geltokiak bere ohiko sarrera berreskuratu du

Urtarrilean iragarri zuten moduan, atzo (hilak 17) berreskuratu zuen Norteko tren geltokiak bere ohiko sarrera, Frantzia pasealekutik. Atotxako geltokia Donostiako Abiadura Handiko Trenaren (AHT) geltoki bihurtzeko lanak direla eta, bidaiariak Tabakaleraren aldetik sartu behar ziren geltokira, 2022ko abendutik. Orain, bi urte pasatxoren ostean, normaltasuna berreskuratzen hasi da azpiegitura.
Eremu lanak 2022a baino lehen hasi ziren. Hain zuzen ere, 2021eko urrian itxi zuten Egiako tunela, lanak zirela eta, eta orduan egin zuten aurreikuspena izan zen tunela itxita egotea 2024ko urtarrilera arte, baita behin betiko geltokia 2024an bukatzea ere. Tunelak, ordea, itxita jarraitzen du, eta AHTaren geltokia hurrengo urteko lehenengo hilabeteetan bukatuta egotea aurreikusten dute. Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako AHTaren lehenengo geltoki bukatua izango da Donostiakoa, nahiz eta AHT sarea bera guztiz bukatu gabe egongo den oraindik.
Tradizioa eta modernitatea
Eraikinaren egitura osatuta dago eta bai azpiegituren bai barruko nahiz kanpoko akaberen jarduketak egiten ari dira. Trenbidearen ustiapen behar berrietara egokituta, eraikina bi altueratan handitu da, berreraikitako jatorrizko zati historikotik bereizten den arkitektura modernoarekin. Haren ondoan, nasa estalkiko zaharberritutako markesina historikoa jarri dute.
Lurpeko atariaren parte izango denak, bestalde, 7.400 metro koadroko azalera izango du, eta bidaiariak goiko solairuan dauden nasetara banatzeko balioko du. Geltokiak sei trenbide eta bost nasa izango ditu.
Azken bi urteetan martxan izan den behin-behineko geltokia kenduta, gunea 1.200 bat metro koadroko lurpeko atariaren barruko egituraketan eta Egiako lurrazpiko pasabide berrian barneratuko da. Horrez gain, geltoki berriak 5.700 metro koadroko azalera duen plaza bat izango du Tabakalera aurrean. Lauzaren zati bat amaituta dago, gainerakoa jartzeko behin behineko geltokiak betetzen duen espazioa libre geratu zain.