Sandra Barrenetxea izango da EH Bilduko zinegotzi berria
Hilaren 27ko osoko bilkuran izendatuko dute, kargua utzi duen Olaia Duarte Lopezen lekua hartuko du.

Donostiako EH Bilduk ohar baten bidez jakinarazi du Sandra Barrenetxea (Bilbo, 1975) izango dela udal taldeko kide berria. Izendapena hilaren 27ko osoko bilkuran egingo dute, hamar urteren ondoren kargua utzi duen Olaia Duarte Lopezen lekua hartuko du.
Zientzia Politikoetan eta Soziologian lizentziaduna da Barrenetxea eta Berdintasun eta Politika Publikoetan berezitutako prestakuntza zabala du. Ibilbide profesionalari dagokionez, hamarkada bat baino gehiago darama udal eta foru mailan berdintasun teknikari gisa lanean, baita gizarte eta sindikatu arloko ikerlari eta aholkulari moduan. «Feminismoan sinisten dut, gizartea eraldatzeko motor gisa, eta berdintasun politika publikoak ezinbesteko tresna gisa», dio zinegotzi berriak eta behar praktikoei zein egiturazko aldaketei erantzungo dieten estrategiak diseinatzearen garrantzia azpimarratu du. Bost urteko haur baten ama da, eta euskalduna, hautuz; 20 urterekin hasi zuen euskalduntze prozesua AEKn.
Barrenetxearen iritsierarekin, EH Bilduren udal taldeak berdintasunarekin eta genero ikuspegiarekin duen konpromisoa indartuko du, modu integral batean. «Politika bidezkoa, baina eraginkorra eta efizientea, Donostiako emakumeen eta gizonen errealitateei erantzuten diena da», defendatu du zinegotzi berriak. Donostiako Udaleko EH Bilduko zinegotzi berriak feminismoa defendatzen du eraldaketa sozialaren motor gisa, eta berdintasun politika publikoen alde egiten du, behar praktikoei erantzuteaz gain, egiturazko aldaketak bultzatuko dituztenak. «Donostia kohesionatuago, orekatuago eta bidezkoago bat eraikitzeko, pertsona guztien errealitateei erantzungo dieten politika eraginkorrak bermatu behar dira», dio.