UK10 lineak ez du bidaiaririk hartuko Federico Garcia Lorca pasealekuko geltokian

Martxoaren 3tik aurrera, UK10 linea (Zumaia-Donostia AP-8, Zarautzen) bidaiariak uzteko soilik geldituko da Federico Garcia Lorca pasealekuko 2. zenbakian egun duen geltokian, eta goi geralekua Gernikako Arbolan kokatuko da, Maria Kristina zubiaren beste aldean dauden Dbuseko eta Lurraldebuseko beste linea batzuen geralekuetan. Era berean, linea horrek erregulazio geralekua pasealekuan bertan egingo du, baina aurrerago, Via Fora jatetxearen parean. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak osatzen duten mahai teknikoak hartutako erabakia da.
Hala azaldu du Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguezek: “UK10 linea, orain arte bezala, Frantziako pasealekutik iritsiko da, erabiltzaileak Federico Garcia Lorcan utziko ditu, bere ibilbidearekin jarraituko du metro batzuk Via Foraren parera iritsi arte, eta bertan egingo du dagokion erregulazio geldialdia, Donostiako Udalak horretarako prestatutako espazio batean. Behin geldialdia amaituta, bere ibilbideari helduko dio, Mundaiz zubia zeharkatuko du Gernikako Arbola pasealekua hartzeko, eta bertan erabiltzaileak hartuko ditu, ondoren Askatasunaren hiribiderantz jarraitzeko, bere ohiko ibilbideari jarraituz”.
Ez dira horiek Federico Garcia Lorca pasealekuko autobus geltokiari dagokionez azkenaldian egindako aldaketa bakarrak. Hain zuzen ere, irailean, E21 (Aireportua-Hondarribia-Donostia) lineak Federico Garcia Lorca pasealekuan gelditzeari utzi zion, Frantzia pasealekuan gelditzen hasteko, Norteko geltokiaren aurrean. Horrela, orain, UK09 linea (Zumaia-Orio-Donostia AP-8tik) da Federico Garcia Lorcan bidaiariak hartzen eta uzten jarraitzen duen linea bakarra, baina linea horrek ez du erregulazio geldialdirik egiten.
Inguruko bizilagunak askotan kexatu izan dira pasealekuan sortzen diren zirkulazio arazoen inguruan, eta horri buruz ere mintzatu da Dominguez: “Sentikorrak gara hiriburuko puntu honetan gertatzen diren trafiko arazoekin eta horiek sortzen dituzten eragozpenekin. Horregatik, Federico Garcia Lorcako bizilagunekin hartu nuen konpromisoa betez, aldaketa horiek egin ditugu Lurraldebuseko gure zerbitzuetan. Horiekin, puntu honetan sortzen zen egoera konpontzeaz gain, herritarrei garraio publikoko zerbitzu eroso, seguru, jasangarri eta lehiakor bat eskaintzen diegu, Donostiako erdigunera iristen dena eta intermodalitatea errazten duena”.