Donostia tentsio handiko eremu izendatzeko eskaera onartu du Jaurlaritzak

Donostiako Udalak iazko azaroan egin zion eskaera ofiziala Eusko Jaurlaritzari, Donostia tentsio handiko eremu izendatzeko. Udalak jakinarazi duenez, Jaurlaritzak onartu egin du eskaera, eta udalak asteazken arratsaldean jaso du udalerria hala izendatzeko agindua, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu denez.
Izendapen horren bitartez, udalak ohiko etxebizitzarako alokairuaren prezioen arautzea du helburu. Batik bat, azken urteotan areagotu diren alokairu igoerak ekiditea bilatzen du, baina, udal agintariek zenbaitetan azaldu izan dutenez, udalean argi dute legedia ez ezik, bestelako tresnak ere erabili beharko dituztela etxebizitzaren aferari irtenbide bat topatzeko.
Jaurlaritzaren erabakiarekin, beraz, beste aurrerapauso bat eman dute zentzu horretan. Ebazpenari ezin zaio errekurtsorik jarri, baina hogei egun daude alegazioak aurkezteko. Behin alegazioak ebatzita, Espainiako Gobernuaren onarpena izango da emateko geldituko den azken pausoa.