Eñaut eta Joseba Alvarezen aldeko elkartasun dinamika abiatu du Piztu Donostiak
Urtarrila amaieran ezarri zieten 5.000 euroko isuna ordaintzen laguntzeko txartelak jarri dituzte Herria, Marruma eta Platero tabernetan.

Piztu Donostia eragileak jakinarazi duenez, Eñaut eta Joseba Alvarezi jarritako zigor ekonomikoari aurre egiteko elkartasun dinamika abiatu du. Horren bidez, 2023ko San Sebastian bezperan, Plaza Berrian, Etxera jartzen zuen pankarta bat zintzilikatzen saiatzeagatik, urtarrilaren 29an ezarritako isuna ordaintzeko. Guztira 5.000 euro baino gehiago bildu behar dituzte eta horretarako laguntza txartelak jarri dituzte Herria (Parte Zaharra), Marruma (Gros) eta Platero (Antigua) tabernetan. Horrezaz gain, nahi duenak ekarpen ekonomikoa egin dezan Bizum eta kontu korronte bat ere aukeran jarri dute: BIZUM: 696755741 eta ES22 3035 0075 47 0750062475 (Laboral Kutxa).
“Aita-semeen kontrako muntai polizialaren atzean, militantzia politikoa kriminalizatu eta zigortzeko intentzionalitatea agerian gelditu da, eta argi diogu, jasotako elkartasun zabalak eragin zuzena izan duela Udaltzaingoak (akusazio partikular moduan) bere asmoetan atzera egiteko. Hortaz, orain arte jasandako babesa eskertzearekin batera, martxan jarriko dugun elkartasun dinamikan parte hartzera animatu nahi ditugu eragile, mugimendu eta norbanako guztiak”.
Horrez gain, udal gobernuari eskatu diote “zentsura politikoa” alboratu eta udal ordenantza indargabetu dezala. Bien bitartean, adierazpen askatasuna defendatzen eta propaganda politikoa egiten jarraitzeko deia ere luzatu dute, “errepresioari modu kolektiboan eta elkartasun antolatuaren bidez erantzutearekin batera”.