Gizonezko bat atxilotu dute emakume bati sexu erasoa egitea leporatuta
Ikerketa baten ondoren, 46 urteko lagun bat atxilotu du Ertzaintzak, hiriko etxebizitza batean otsailaren 12an egindako erasoagatik.

Ertzaintzak 46 urteko gizon bat atxilotu du Donostian, emakume bati ustez sexu erasoa egiteagatik. Erasoa hilaren 12an gertatu zen hiriko etxebizitza batean, bertan, erasotzaileak gela bat alokatu zuen. Goizaldean, “indarkeriaz eta larderiaz”emakumea sexualki behartu zuen, eta, ondoren, etxetik alde egin zuen.
Astelehenean, hilak 17, gertakarien berri izan ondoren, Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen ustezko erasotzailea atzemateko. Kasuaz arduratu ziren ertzainek, bart, 22:00ak aldera, hirian aurkitu zuten gizona. Sexu erasoa egotzita atxilotu, eta Donostiako ertzain-etxera eraman zuten. Polizia eginbideak amaitzean, Donostiako Guardiako Epaitegiaren esku utziko dute. Gizonak aurrekariak ditu genero-indarkeriagatik.