Herriz herri hitanoa bultzatzeko ZirHika mugimendua aurkeztuko dute Donostian

Larunbatean, hilaren 22an, ZirHika mugimendua aurkezteko ekitaldia egingo dute Groseko Zaldi Urdina arte eskolan, 13:00etan —Marino Tabuyo kaleko 6. zenbakian—.
Hitanoaren egoerari buruzko oinarrizko informazioa emateaz gainera, 2025eko egitasmoen berri emango dute: Euskaraldia Hika, Euskal Herriko II. Hika Topaketa, Hikadromoa… Gainera, Andoni Egaña eta Amaia Agirre bertsolariek parte hartuko dute.
Azken urteotan, Euskal Herriko 50 herri baino gehiagotan egin dituzte hitanoa bultzatzeko ekimenak. 2023ko Euskal Herriko I. Hika Topaketan 80 hika eragile bildu ziren, eta 2024ko apirilean sortu zuten ZirHika mugimendua, “elkarrekin hitanoaren erabilera sustatzeko, herriz herri”. Toki askotako hika eragileek osatzen dute ZirHika, eta saretzen jarraitzeko bokazioa du.