Ikasle grebara deitu du Ikama antolakundeak martxoaren 20rako
"Faxismoaren eta balio erreakzionarioen gorakadaren aurrean, euskal hezkuntza sistema propio baten beharra" adieraztea izango da grebaren helburua.

Ikama ikasle antolakunde independentista eta feministak grebara deitu ditu Hego Euskal Herriko unibertsitateetako, bigarren hezkuntzako eta lanbide heziketako ikasleak, martxoaren 20rako. Lau hiriburuetan egingo dituzte mobilizazioak egun horretan, eta Donostiakoa 12:00etan abiatuko da, Bulebarretik.
“Faxismoaren eta balio erreakzionarioen gorakadaren aurrean, euskal hezkuntza sistema propio baten beharra” adieraztea izango da grebaren helburua, Ikamak nabarmendu duenez: “Agertoki zail honetan, euskal ikasleriari hau borrokatzea dagokigu, borroka feminista, euskararen aldeko borroka eta balio independentistak aldarrikatuz”. Era berean, gaineratu dute “faxismoa borrokatuko duen ikasle olatua” sortu nahi dutela.
“Ultraeskuineko joera horien aurrerapausoa frogatzen dituen zenbait gertaera” ekarri ditu hizpidera antolakundeak: “Egiako afari solidarioen aurkako oldarraldia, Leioako irakasle faxistaren kasua, gizon gazteek feminismoarekiko duten erreakzioa, euskal nortasuna duen faxismoa,«eraso LGTBIfobiko, arrazista, xenofobo, euskarafoboak… Honek ezin du hezkuntza sisteman lekurik izan”. “Hezkuntza sistema propioaren eskutik etorriko da hezkuntza euskaldun, feminista eta antikapitalista”, gehitu dute.