Aste honetan hasiko dira Altzako kiroldegiko eguzki plakak jartzen

Donostiako Udalak aste honetan hasiko da Altzako kiroldegiaren estalkian eguzki plakak jartzeko lanekin. Plaka horien bidez, Iñaki Gabarain Kiroletako zinegotziak azaldu duenez, 400.000 kWh inguru sortuko dira urtean, “kiroldegi osoaren urteko kontsumoaren %40”. “Instalazio berri honekin, udal kiroldegietan kontsumitutako energia guztiaren %20 iturri berriztagarrietatik etorriko da”, gaineratu du.
Bestalde, instalazioa 356kW-eko potentzia duen beste batekin handituko dute, “hirian mota horretako handiena izango dena, eta kiroldegiaren beraren autokontsumorako erabiliko dena”, Gabarainek azaldu duenez. Horrez gain, 40 kW-ko bigarren instalazio bat jarriko dute, “auzoan dauden beste hamalau udal instalazioren behar elektrikoak hornitzeko”, zinegotziaren hitzetan. Jarduketa horrek 239.751 euroko aurrekontua izango du.
Isuriak murrizten
Gabarainek gogorarazi duenez, azken hamar urteotan, “Donostia Kirolak %30 murriztu du udal kiroldegiek sortutako kontsumoa, eta %67 jaitsi du CO2 isuria. Hori posible izan da efizientzia energetikoko neurri sorta zabal bat egin direlako (LED argiak, ekipo klimatizatzaile berriak, galdarak ordezkatzea, bero berreskuratzaileak, eguzki plaka termikoak eta fotovoltaikoak, eta abar)”.
Bestalde, zinegotziak goraipatu du 2024an erabiltzaile bakoitzeko saretik etortzen den energiaren kontsumoa 6,81 KWh-koa izan dela, eta “erregistratutako erabilera bakoitzeko CO2 emisioa 1,05 Kg Co2-raino jaitsi” dela. “Donostia Kirolak kudeatzen dituen instalazioetan orain arte erregistratutako daturik baxuenak dira”, nabarmendu du.