Auzoarentzat egokia den anbulatorio baten alde elkarretaratzea egingo dute Loiolako osasun etxearen aurrean
Olatu Txuria eta Martutene Bizirik herritar plataformek, eta Lanberri eta Sarroeta auzo elkarteek antolatu dute protesta.

Larunbatean, hilak 22, Loiolako osasun etxea “berritzearen eta irisgarritasuna bermatzearen alde” elkarretaratuko dira Txominen dagoen Loiolako osasun zentroaren aurrean, 12:00etan. Olatu Txuria eta Martutene Bizirik herritar plataformek, eta Lanberri eta Sarroeta auzo elkarteek antolatu dute protesta.
Bertan salatuko dute, besteak beste, Txomin, Martutene eta Loiolako 10.000tik gora bizilagunek erabilgarri duten osasun zentroak 40 urte baino gehiago dituela eta azpiegitura “negargarriak”. Izan ere, etengabe hazten ari diren auzoei arreta emateko “zaharkitua eta txikia da, bizilagunak boskoiztu egin baitira”. Zehaztu dutenez, udalak aurkeztutako hirigintza plan orokor berriaren arabera, Martutene %98 haztea aurreikusten dute eta egungo kuartelen lurretan eraikiko dituzten etxebizitzekin Loiolan antzeko zerbait gertatuko da, baina anbulatorio berriaren proiektua duela urte batzuetakoa izanik, ez dakite hazkunde hori guztia aurreikusi ote duen.
Gainera, eraikuntza eta berrikuntza proiektuen artean, gauzatzen azkena izango da Txominekoa, nahiz eta “gehien hazi den auzoetako bat izan”; eta, gainera, azken proposamena lau urteko lanen ondoren “inauguratu berri duten kirol partzela baten gainean kokatu dute”.
Gaitzetsi dute, halaber, egungo Txomineko osasun zentroak ez duela Eusko Jaurlaritzaren araudia betetzen: paziente pediatrikoek eta helduek gune bera partekatzen dute, “eta ez luke hala izan behar”; Martuteneko eta Loiolako bizilagunek joan-etorriak egin behar dituzte, horrek dakarren gastu, arrisku eta nekearekin. “Ez dezagun ahaztu anbulatoriora joaten garela patologiaren bat dugulako: gaixotasuna, adinekoak, minusbaliotasunak dituzten pazienteak, haurrak…”. Halaber, langile gutxi daude, “osasun-zentro gehienetan bezala”, esaterako, haurrak dituzten familiek pediatra bakarra dute lanaldi murriztuan.
Testuinguru horretan, Loiolako osasun etxearen eta zerbitzu ematen dien bizilagunen egoera salatzearekin batera, osasungintza publikoaren alde ere egingo dute. “Osasun publikoa ez da saltzen, ez pribatizazioari, ez eraisteari, gure bizitza horren mende dago”.