Bezero «zerrenda beltza» izatea ukatu du Radio Taxi Donosti Elkarteak
Espazio Publikoaren, Obren eta Hiri Zerbitzuen Batzordean Mugikortasun zinegotzi Olatz Yarzak baieztatutako gezurtatu du ohar baten bidez.

Zenbait komunikabidek argitaratu zutenez, PPko zinegotzi Jorge Motak egindako galderari erantzunez, Mugikortasun zinegotzi Olatz Yarzak baieztatu egin zuen hiriko taxistek bezero “zerrenda beltza” dutela. Radio Taxi Donosti Elkarteak idatzi baten bidez gezurtatu du asteleheneko Espazio Publikoaren, Obren eta Hiri Zerbitzuen Batzordean esandakoa. “Argi eta garbi adierazten dugu gezurrezkoak direla indarreko araudian jasota ez dauden bezeroei zerbitzua emateko betoa duen zerrenda beltzen bat egoteari buruzko baieztapenak”.
Idatzi batean gogoratu dutenez, taxilaria behartuta dago eskatzen zaion zerbitzua ematera, betiere, eskaerak erabilera arauak betetzen baditu. Bidaiariak, hala ere, zenbait betebehar ditu: ibilgailua mugitzen ari dela, arrazoirik gabe, ez igotzea ezta jaistea ere, gidariari arreta galarazteko edo bere lana oztopatzeko ezer ez egitea, gogaikarria edo iraingarria den jarrerarik ez izatea, eta ibilgailua ez hondatzea edo zikintzea. Halaber, uko egin diezaiokete zerbitzua legez kontrako helburuetarako eskatzen bada edo bai gidariaren bai beste pertsona baten segurtasunarentzat edo ibilgailuarentzat arriskutsua bada.
Edonola, zerbitzua ez ematekotan, Euskadiko hiri barruko eta herriz kanpoko turismo garraio publikoari buruzko legearen arabera egiten dutela zehaztu dute, “inolako gehiegikeriarik gabe”; eta hala eskatuz gero, arrazoia erabiltzaileari idatziz adierazteko beharra dutela.
Era berean, ohartarazi dute taxilariek “baldintza duinetan eta segurtasunez” lan egiteko eskubidea dutela, eta gauez, haien “osotasun fisikoa arriskuan jartzen duten gorabehera asko” gertatzen direla, kasu askotan, mozkortuta edo bestelako sustantzia batzuen eraginpean dauden pertsonek sortuak.
Hori horrela, polemika baliatu nahi izan dute azken urteotan “isilean” pairatzen ari diren “indarkeriarekin, emakume taxilarien aurkako erasoekin, irainekin, ez ordaintzearekin eta abarrekin” lotutako gertakariei buruz gogoeta egitea eskatzeko; eta galdera bat luzatu dute: “Horrelako egoeretan pertsona horiei zerbitzua ematen jarraitu beharko genukeen edo uko egin geniezaiekeen Legeak jasotzen duen moduan”.