Elkartasun jaialdia antolatu du Parte Zaharra Aske plataformak
Pandemiaren garaian Ertzaintzarekin izandako istiluen ondorioz, hainbat gazte daude auzipetuta.

Larunbatean, hilaren 22an, Parte Zaharra Aske plataformak elkartasun jaialdi bat egingo du Intxaurrondoko Letaman gaztetxean.”Pandemia garaian Parte Zaharrean zipaioek sorturiko istiluen ondorioz, hainbat muntai polizial daude martxan. Kostu errepresiboei aurre egiteko, elkartasun jaialdia antolatu dugu”, azaldu dute.
2020ko abendutik aurrera, istilu asko sortu ziren Parte Zaharrean gazteen eta Ertzaintzaren artean. Poliziaren arabera, gazteak botila zurrutean aritzen ziren, batez ere Trinitate plazan, eta hortik sortu ziren istilu guztiak. Gazteek eta beste eragile batzuek, aldiz, ukatu egin zuten botila zurrutean ibiltzen zirenik, eta istiluen atzean pandemiaren kudeaketa eta Parte Zaharraren inguruan bestelako interesak daudela salatu zuten.
Istilu horien harira, hainbat gazte auzipetu zituzten, eta gastuei aurre egiteko antolatu dute elkartasun jaialdia. Horrekin batera, kamiseta batzuk egin dituzte, 15 euroan salgai jarri dituztenak.