Entitateen parte hartzea, Euskaraldiarentzat «ezinbestekoa»
Entitateen izen ematea epea zabalik dago oraindik, eta norbanakoena martxoaren 15ean irekiko dute.

Maiatzaren 15etik 25era egingo dute laugarrenez Euskaraldia Euskal Herri osoan, euskararen erabilera sustatzeko ariketa masiboa. Egitasmoa indartsua izan dadin, garrantzitsua da ahobizi zein belarriprest rolekin parte hartuko duten norbanakoen inplikazioa, baina baita entitateena ere. Hain zuzen ere, entitateak Euskaraldian parte hartzera animatzeko prentsaurrekoa egin dute ostegun goizean San Telmo museoan. Izen ematea zabalik dago entitateentzat, hemen; norbanakoentzat, martxoaren 15ean irekiko dute epea, prentsaurrekoan jakinarazi dutenez.
Entitateen parte hartzea “ezinbestekoa” dela nabarmendu du Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak: “Jakitun gara oso garrantzitsua dela Euskaraldiak entitateetan duen eraginaz. Eta ez entitateetan soilik, bertako kide askorentzat ere entitatea da euskaraz hitz egiteko duten eremu bakarra”. Horrela, entitateak lantokiak entitateak direla azaldu du, baita baita kultur eta kirol elkarteak, dendak eta tabernak ere.
Erraztasunak
Ahalik eta entitate gehiagoren parte hartzea sustatzeko, gauzak erraztuko dituzte aurten. Izan ere, Urkijok azaldu duenez, hirugarren Euskaraldia amaitu ostean, hausnarketa prozesu batean murgildu ziren, egitasmoaren “ahulguneak eta indarguneak identifikatzeko”. Prozesu horren bidez, entitateei dagokienez, ondorioztatu zuten ezin zutela berdin jokatu “herriz gaindiko entitateekin eta tokiko entitateekin”: “Esaterako, konturatu ginen arigune izaera hartzea zaila izan zitekeela tokiko entitateentzat, eta, kasu askotan, langile gutxi dauden entitateetan, txaparen erabilera nahikoa izan zitekeela”. Era berean, ondorioztatu zuten “burokrazia arindu” behar zutela entitateen parte hartzeari dagokionez.
Horrela, gauzak errazte eta entitate bakoitzaren egoerara egokitze aldera, aurten, oinarrizko hiru egiteko izango dituzte entitateek: Euskaraldiaren berri ematea, entitateko kideak belarriprest eta ahobizi izatera animatuz eta informazioa emanez; Euskaraldian parte hartzeko prestatzea, entitateko kideei euskararen erabilera sustatzeko prestakuntza eskainiz, Euskaraldiaren webgunean emango dituzten baliabideekin eta Euskaraldia ikusgarri egitea, entitateko espazioak apainduz, jarduerak antolatuz, barne zein kanpo komunikazioan hartutako neurriak edo egingo diren ekintzak jakinaraziz, eta abar.
Hala ere, harago joan nahi duten entitateek ere pauso gehiago emateko aukera izango dute. Hain zuzen ere, Euskaraldiko koordinazio orokorrak baliabideak eskainiko ditu, hala nahi izanez gero, entitateetan ariguneak sortzeko, komunikazio oro euskaraz egiteko, mintzodromoak antolatzeko, mintzatratuak adosteko entitateko kideen artean eta hiztegi kutxak, entitatearen arloko euskarazko hiztegiak, sortzeko, besteak beste. Lanketa horiek egiteko, intraneteko sarbidea eta aholkularitza izango dituzte eskura entitateek.

Euskaraldian parte hartuko dute entitate batzuetako ordezkariek euren esperientzien berri eman dute San Telmo museoan.Beñat Parra
Esperientziak hizpidera
Parte hartzea sustatzeko, hiru entitatetako ordezkariek parte hartu dute agerraldian, euren esperientziak hizpidera ekarriz. Alde batetik, gizarte esku hartzearen arloko Irsearaba kooperatibako Idoia Martinez de Lahidalga eta Sergio Jimenezek hartu dute hitza, eta nabarmendu dute “jarrera kontua” dela euskararen erabilera areagotzea: “Nahiko genuke euskararen erabilera areagotzea bai langileen artean baita lan egiten dugun pertsonekin ere, eta Euskaraldian hartutako jarrera epe luzera mantentzea. Lotsak alde batera utzi eta euskara aktibatzeko”. Hain zuzen ere, Egunon eta Mintzatratu dinamika entitateko hiru zerbitzutan garatzen ari dira, eta Euskaraldiko egunetan ariketa erakunde osora zabaltzeko asmoa dute.
Bestetik, Luma Baiona euskarazko murgiltze ereduko haurtzaindegiko Patxi Amulet kideak nabarmendu du “egunerokoan euskararen erabilera indartu” nahi dutela, haurrekin ez ezik, gurasoekin euskara erabiltzeko bideak eraikiz: “Euskaraldiaren garaian euskaldunak ez diren familien inplikazioa indartzen saiatuko gara, dela etxean euskara gehiago erabiltzea bultzatzen, dela familiekin euskarazko elkartruke momentuak sortzen”.
Azkenik, Osasuna futbol klubeko komunikazioko kide Mikel Erbitik bideo baten bidez hartu du parte agerraldian, ezin izan baitu modu presentzialean museoan egon. Gogoratu du klub iruindarrak 2017an hasi zuela elebidunez jarduten hasteko bidea, “bazkideek hala eskatuta”, eta aurrerapausoak emateko baliatu nahi dutela Euskaraldia: “300 langiletik gora ditu klubak, eta langileon artean euskara normaltasunez erabili ahal izatea da helburua, baita zaleek klubarekin duten harremana euskaraz eduki ahal izatea ere”. “Osasunak Nafarroan eta Iruñean duen ikusgarritasunarekin, garrantzitsua da jendeak ikustea Euskaraldiarekin inplikatuta gaudela”, gaineratu du.