'Altza 1931-1937: Ilusio galduen kronika' dokumentala aurkeztuko dute bihar Nao Etxean
Film laburrarekin batera, pieza egiteko baliatutako dokumentu, argazki eta kronikekin osatutako erakusketa ere ikusgai izango da.

Ekialdeko Barrutiko Memoria eta Historia lantaldeak antolatuta, Altza 1931-1937: Ilusio galduen kronika dokumentalaren jendaurreko aurkezpena egingo dute Nao Etxea jubilatu eta pentsionisten elkartearen egoitzan bihar, hilak 22, 11:00etan. Ekitaldian parte hartuko du Eneko Goia alkateak, testuinguru historikoaz ariko den Altza durante la Guerra Civil Española liburuaren egile Ion Urrestarazuk, eta Altzako Historia Mintegiak, lantaldearen izenean. Halaber, herri gisa, Altzako azken udalbatza hautetsia osatu zuten zinegotzien senideak bertan izango dira.
Ekialdeko Barrutiko Historia eta Memoria lantaldearen ekimenez, Altzako udaletxe zaharrean 2021eko irailaren 11n eginiko dokumentala da, Bigarren Errepublika ekarri zuten udal hauteskundeetatik aurrera eratutako udalbatzari eskaini zitzaion aitortzaren egitarauaren barruan. Pieza laburra da, euskaraz egina, gaztelaniazko azpidatziekin.
Dokumentalaz gain, 1936ko gerrako biktima altzatarrei buruzko txostena egiteko enkargua eman zioten Aranzadi Zientzia elkarteari eta altzatarren udaletxeko osoko bilkuren aretoko altzariak zaharberritzearekin amaitu zen.
Larunbat goizean bertan, gainera, aukera izango da film laburra egiteko euskarri dokumental gisa baliatu dituzten Altzako Tokiko Bilduman jasotako argazki, dokumentu eta prentsa kronikekin osatutako erakusketa bat bisitatzeko. Erakusketa Altzako udaletxeko osoko bilkura aretoan ikusgai egongo da 9:30etik 10:30era eta 12:00etatik 13:30era.