Donostiako inauteriek hamabost egun baino gehiago iraungo dute

Inauteriak jardueraz beteta itzuliko dira Donostiara, auzo guztietan eta gustu guztientzat. Otsailaren 27an hasi eta martxoaren 15era bitarte luzatuko dira Donostiako inauteriak. Gaur goizean egin dute kartelaren eta programazioaren aurkezpena, udaletxean. Donostiako inauteriak “ohitura eta modernitatea” uztartzen dituela nabarmendu du udalak, eta Judas Arrieta diseinatzaile hondarribiarrak hori bera islatu du aurtengo kartelean. “Koloretsua eta dibertigarria” dela nabarmendu dute.
Aurten, Hodei Buenaventura Gabarain izango da Momo Jainkoa, eta Eirik Navarro Carrasco, Nahia Leonet Zuloaga eta Jon Asensio Telletxea izango dira segizioa. Hilaren 27an, ostegun gizenean, Plaza Berrira iritsiko dira Momo Jaikoa eta bere segizioa, 18:31ean. Ondoren, Parte Zaharreko eta Erdialdeko kaleetatik ibiliko dira Maria Kristina hotelera iritsi arte. Bertan, hiriko giltzak jasoko dituzte, eta jarraian, udaletxeko udal batzar aretora joango dira. Han ospatuko dute inauterietako arlekin festa.
Euskal konpartsak eta tradizionalak
Konpartsa tradizionalak inauterien hasieraren protagonista izango dira. Horiek horrela, Zubietako Joaldunak Parte Zaharretik ibiliko dira ostegunean arratsaldean, eta Momo Jainkoari eta bere segizioari ongietorria egingo diete. Ostegunean arratsaldean bertan, Orixe ikastolako kideak Parte Zaharretik ibiliko dira, eta Eskola eta Goizaldi dantza taldeek emanaldia eskainiko dute Plaza Berrian, 20:01ean.
Otsailaren 28an, ostiralean, Union Artesanaren Lanpernen eta Haurtxo Zaratatsuen konpartsek Erdialdeko eta Parte Zaharreko kaleak alaituko dituzte. Bi konpartsek irteera egingo dute ere larunbatean arratsaldean.
Martxoaren 1ean, larunbatean, 12:31ean Gero Axular Dantza Taldearen eskutik Intxixu Euskal Inauteria ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da. Gero Axularrek emanaldia eskainiko du 13:01ean Plaza Berrian. Arratsaldean, Lanpernen eta Haurtxo Zaratatsuen konpartsez gain, Eskolako Lorazainen, Gaztediko Oilarren, Gaztelubideren Fanfarrearen, Donosti Cup Danborradaren, eta Amarakaldek kaldereroen konpartsak ikusteko aukera egongo da. Guztiak Plaza Berritik pasatuko dira 20:01etatik aurrera.
Oilarren, Lorazainen eta Haurtxo Zaratatsuen konpartsak igande goizean ere aterako dira, eta Parte Zaharreko kaleetatik Eusko-Ttish eta 3Txulo Txaranga konpartsak ikusteko aukera ere izango da.
Aurten, Inauterietako igandean, 1994.urtean Momo Jainkoa izandako eta Momo Jainkoari boterea ematen dion makilaren sortzaile Josetxo Fuentesek Lorazainen konpartsaren agintea Eskola Dantza Taldeko Tomas Ugaldebereri emango dio Plaza Berrian. Fuentes konpartsa koloretsu honetako ardura izan du azken 25 urteetan.
Konpartsa modernoen desfilea
Konpartsak izango dira Donostiako inauterien protagonista handienak. Hilabete asko eman dituzte jantziak eta koreografiak prestatzen, eta horiek guztiak ikusteko aukera egongo da, otsailaren 28tik ostiraletik hasita – Illunbeko ohiko aurkezpenean, non eta Inauterietako Jantzien Diseinuen V.saria jokoan egongo den – martxoaren 15a arte, Bidebietan egingo den azken desfilea arte.
Baina Erdialdeko kaleetatik egingo den lehen desfilearen aurretik, Donostiako inauterietako une berezienetakoa bizitzeko aukera egongo da. Martxoaren 1ean, larunbatean, goizean konpartsetako kideak Maria Kristina hotelera joango dira Momo Jainkoa eta bere segizioari Goiztiriak abestera. Kalejira 11:01ean hasiko da Zuloaga plazan eta 11:31ean iritsiko da Okendo plazara. Bertan Momo Jainkoa, bere segizioa eta partaide guztiak Konstituzio plazara joango dira. Han Eneko Goia alkateak aginte makila emango dio Momo Jainkoari.
Arratsaldean, 17:01ean hasita, 26 konpartsa Erdialdean ibiliko dira ohiko desfilean. Bertan, donostiar guztiei erakutsi ahal izango diete hainbat hilabetetan egindako lana. Desfilea igandean errepikatuko da, 17:01ean hasita. Igandeko desfilearen aurretik, 11:31n, konpartsetako txikienen unea iritsiko da. Bederatzi konpartsetako haurrek koreografiak erakutsiko dituzte Katalunia plazan. Eta plaza berberak hartuko du astelehenean, martxoaren 3an, 19:01ean, konpartsa guztien erakustaldi berri bat.
Sardinaren ehorzketa
Martxoaren 4an, asteartean, 19:31n, Sardinaren Ehorzketaren desfileari hasiera emango zaio Bilbo plazatik. Sardina 20:01ean erreko da Alderdi Ederren. Baina aitzitik, sardina ehortzi izanak ez du esan nahi inauteria amaitu denik. Izan ere, martxoaren 8an eta 9an konpartsek hainbat auzotan egingo dituzte desfileak, besteak beste, martxoaren 8an, larunbatean, Loiolako Erriberatan, 17:01etatik aurrera, eta martxoaren 9an, igandean, 11:01etatik aurrera Altzan ospatzen den Eltze Festan.
Halaber, auzo ezberdinetako hainbat auzo elkartek, zein kultura eta kirol elkartek hainbat jarduera antolatu dituzte inauterietako egunetan. Horrenbestez, Amara Berrin, Añorgan, Grosen, Altzan, Intxaurrondon, Antiguan eta Bidebietan hainbat ekimen egongo dira familian inauteriekin gozatzeko.