Hogei urte, hamaika aldaketa, hamaika erronka
Hogei urte bete ditu IRUTXULOKO HITZAk. Hogei urte Donostiako tokiko informazioa euskaraz lantzen, gertuko kazetaritza egiten, munduari tokikotik begiratzen eta garaiaren kronika osatzen. Bi hamarkadotan, mundua aldatu da, eta baita Donostia eta kazetaritza bera ere. Bere komunitatearen babesarekin, aldaketa guztietara egokitzen joan da hedabidea, garaian garaiko erronkei aurre eginez.

Hogei urte. Hogei urte IRUTXULOKO HITZA Donostiako egunkariaren lehenengo zenbakia, 2005eko otsailaren 17koa, argitaratu zenetik —zero zenbakia urte hartako San Sebastian bezperan argitaratu zen—. Atzerago ere jo behar da, ordea, Donostiako euskal hedabidearen historia osoa errepasatzeko, izan ere, 1994tik, Irutxulo astekaria zegoen hirian, astez aste tokiko informazioa euskaraz lantzen. Bagera Euskaltzaleen Elkarteak sortu zuen astekari hura, eta, 2005ean, IRUTXULOKO HITZAk hartu zion lekukoa, egunkari bihurtuta, Bagera Elkartearen, Berria Taldearen eta hiriko 40 eragileren baino gehiagoren ekimenez.
Astekari izatetik egunkari izatera pasatu zen Donostiako euskarazko hedabidea 2005ean, eta, garaian garaiko egoeretara egokituz, astekari izatera itzuli zen 2013ko urtarrilean, webguneko edizio jarraitua indartuz. Hala dihardu hedabideak gaur egun, paperezko astekariari eutsiz eta webgunea eta sare sozialak egunez egun gehiago indartuz, bertan eguneroko informazioa jarraituz eta zabalduz.
Proiektuak eta hiriak dituen erronkak, ordea, asko aldatu dira bi hamarkadotan, baita lan egiteko moduak ere. Lehenengo Puioko erredakziotik eta ondoren Egiakotik pasatu diren profesional guzti-guztiek, komunitatearen babes ezinbestekoarekin egin dute IRUTXULOKO HITZA urteotan guztietan, eta urte luzez hedabide honen orrialdeak bete dituzten lau kazetarirekin errepasatu ditugu garaian garaiko erronkak, lan egiteko moduak eta bestelakoak: Raul Perezekin (Paris, 1976), Aitziber Iartzarekin (Herrera, 1971), Ander Usabiagarekin (Egia, 1972) eta Estitxu Zabalarekin (Loiola, 1985).

Irutxuloko Hitzaren jendaurreko aurkezpena. Mahaian eserita, Aitziber Iartza zuzendaria, Dani Goñi Bagerako lehendakaria, Joanmari Larrarte EKTko idazkaria eta Isidro Yoldi proiektua babestu zuten eragileen ordezkaria (Berriak elkartea).Irutxuloko Hitza
Egunkarira saltoa
IRUTXULOKO HITZA egunkaria jaio aurretik, Irutxulo astekarian lan egiten zuten Perezek, Usabiagak eta Iartzak eta, hain zuzen ere, Iartza eta Usabiaga izan ziren astekariaren azken zuzendariak eta egunkariaren lehenengoak.
«Astekaritik egunkarira pasatzean, lan erritmoan aldaketa nabarmena eduki genuen, astekaria ginenean, nolabait, egunerokoa lasaiagoa zelako. Asteazkenetan bidaltzen genuen astekaria inprentara eta, beraz, bereziki asteartea eta asteazkena ziren egun lanpetuenak. Ordu asko egiten genituen, baina oso giro polita gogoratzen dut Irutxulo-n, denok hartzen genuen parte edukien sorreran eta modu horizontalean egiten genuen lan. Aberasgarria zen, eta ikasteko oso bide ona zen», nabarmendu du Usabiagak. Lan erritmoan ez ezik, barne antolaketan ere egokitzapenak egin behar izan zituztela gogoratu du Perezek: «Puioko egoitza itxuraldatu behar izan genuen: lantalde handiagoa ginenez, handitu behar izan genuen espazioa. Txandak antolatu ziren… Egunkari baterako plangintza egin behar izan zen».
Egunkariaren jaiotza lehen lerroan bizi zuten hirurek nabarmendu dute «anbizio eta ilusio handiko» proiektua zela, eta Iartzak egindako «apustu handian» jarri du fokua: «Beste eskualde batzuetan sortuak ziren eta sortzen ari ziren Hitza-k, baina guk ikusten genuen Donostiaren moduko hiri batean, non gaztelerazko hedabide batek orduan ere hegemonia handia zuen, gure ekarpena egin behar genuela eta egunero kalean egon behar genuela. Gainera, euskal prentsak beti hutsune bat izan du paperean astelehenetan, baina guk astelehenetan ere egunkaria ateratzeko apustua egin genuen, besteak beste, Realaren jarraipena eginez eta oihartzun gutxiago duten kiroletan fokua jarriz». Ildo beretik jo du Usabiagak: «Apustua egin genuen hiriko beste egunkari handi batzuekin aurrez aurre lehiatzeko, eta jakin badakit batzuetan haserre batzuk egon zirela, guk gai batzuetan aurrea hartu genuelako».
Lan egiteko modua eta ildoa
Lehenengo urte haietan, noski, ez zegoen webgunerik, ez sare sozialik, eta lan egiteko moduak ere oso bestelakoak ziren. Irutxulo astekariaren garaian, «argazkiak positibatu eta ondoren eskaneatu» egin behar izaten zituztela gogoratu du Usabiagak, baina beste bitxikeria batzuk ere ekarri ditu hizpidera: «Interneta erabiltzen hasi ginenean, lankide batek zuen soilik sarbidea, ez dakit oso ondo zergatik. Bestalde, auzoetako korrespontsal batzuek euren kronika disketean ekartzen zuten; beste batzuek idazmakinaz idatzita, eta, beraz, transkribatu behar izaten zen; eta, beste batzuek, zuzenean, eskuz idatzita ekartzen zuten eta hori ere transkribatu behar zen, noski». Garaiaren isla den beste bitxikeria bat ere kontatu du Perezek, Josetxo Mayor Uliako bideak garbitzen zituen herritarra elkarrizketatu zuenekoa: «Esan nion, ‘deituko zaitut aurreko egunean geralekua zehazteko?’, eta esan zidan, ‘ez deitu, zeren ez daukat telefono mugikorrik. Igo Uliara eta aurkituko nauzu’. Eta hala egin nuen, handik bueltaka hasi nintzen, elkar gurutzatu genuen arte».
Zabala 2008an hasi zen IRUTXULOKO HITZAn lan egiten, beste hirurak baino dezente geroago, baina berak ere bizi zituen zailtasun teknikoak: «Puioko erredakzioan oso estaldura txarra zegoen, eta, beraz, kaletik egin behar izaten genituen deiak. Gainera, sakelakotik ezin genuenez grabatu, aldi berean koadernoan apunteak hartzen aritzen ginen. Bestalde, kamerak oso eskasak ziren, mugikorretakoak zer esanik ez, eta behin argazkiak eginda, artxibatzeko prozesua oso motela zela gogoratzen dut, banan-banan artxibatu behar baitziren».
Era berean, IRUTXULOKO HITZAren lehenengo urteetan, webgunea egon bazegoela kontatu du Perezek, baina Internetek gizartean egun duen presentzia inondik inora ez zuenez orduan, paperari ematen ziotela lehentasuna: «Eguneko albiste batzuen aurrerapen bat egiten genuen, lau zertzeladarekin, eta papererako gehiago lantzen genuen, esklusibak eta eduki landuagoak paperean eman nahi genituelako. Auzo elkarteak eta, oro har, herri mugimendua nahiko indartsu zegoen garai hartan, eta saiatzen ginen beraiekin harremanetan egoten, une oro. Segur aski, beraientzat ere errazagoa zen gurekin harremanetan jartzea hedabide handi batekin baino. Oso gertuko jendea zen, eta estimu handian ditut, horiek gabe ezin genituelako informazio asko lortu».
Edukiei dagokienez, egunkari bihurtzeak aldaketa ekarri zuela gogoratu du Iartzak, baina nabarmendu du Irutxulo-ren izpiritua mantendu zuela egunkariak: «Astekariak aukera ematen zigun gaiak lasaiago lantzeko, erreportajeak eta halakoak gehiago landuz, egunerokotik gehiago ateraz. Egunkari izateak egunerokoari gehiago lotu gintuen, noski, baina eutsi genion gaiak landuago emateari, albiste hutsetik harago. Beti eutsi genion irizpide horri, garrantzitsua zelako guretzat egunerokoa lantzea, baina baita gogoetarako atea irekitzen zuten edukiak lantzea ere».
Astekarira itzulera
Egunkari gisa argitaratu zuten IRUTXULOKO HITZA 2012ra arte, eta, 2013ko urtarrilean, astekari bihurtu zen paperezko edizioan, webgunea indartuz. Usabiagak ordurako ez zuen IRUTXULOKO HITZAn lan egiten, baina begi onez ikusten du duela hamar urte pasatxo egindako aldaketa hori: «Paperean astean behin egotera itzuli zen proiektua, baina Interneten espazioak irabazi zituen. Erabaki logikoa izan zen. Sorrerara itzuli zen, baina beste espazio batzuk irabazita, bide bat eginda eta erronka handi horri erantzunez. Garaiak eskatzen zuenera egokitu zen, berriro ere, proiektua».
Zabala 2019ra arte aritu zen IRUTXULOKO HITZAn eta, beraz, bertatik bertara bizi zuen egokitzapen hori, baita begi onez ikusi ere: «Egiari zor, ez ginen iristen eguneroko informazioa behar bezain beste lantzera egunkarian. Eta, itxura aldetik ere, beti iruditu zait askoz politagoa astekari formatuan, bai Irutxulo zenean eta bai egun». Horrek hala ere, lan egiteko modua eta antolaketa ere aldatzea ekarri zuela gogoratu du kazetariak: «Lan egiteko modua ere aldatu zen, besteak beste, asteburuen antolaketari begira, eta abar. Eta gogoratzen dut zer sentipen arraroa genuen ostiraletan, astekari izaten hasi ginenean. Zeren, egunkari ginenean, ostiraletan ere topera aritzen ginen, baina astekari bihurtzetik aurrera, lasaiagoak izaten hasi ziren, hurrengo asteko astekarira begira jartzen hasi ginelako».
Era berean, webgunearen indartzen hasi zireneko garaia ere oso gogoan du Zabalak: «Eromena zen. Adibidez, oraindik egunkari ginenean, Zinemaldiko prentsaurreko batera joaten zinen, eta pentsatu behar zenuen papererako pieza landu bat, baina aldi berean, bideo txiki bat grabatu behar zenuen webgunean albiste labur batekin argitaratzeko eta, gaia donostiartzeko, zuzendari donostiar bat elkarrizketatu prentsaurrekoan bertan. Lehentasuna paperak zuen, beraz, behin paperekoa bukatuta jartzen zinen webgunekoa egiten; arratsaldeko zazpietan edo nik zer dakit zer ordutan». Eta, gauza bera, sare sozialen eztandarekin: «Hasi ginen garrantzi handia ematen sareetan etengabe egoteari, egun osoan zehar, eta albisteak zabaltzeko ordutegiak zehazten hasi ginen. Ikerketak ere bazeuden, eta zioten jendea, batez ere, ordenagailutik sartzen zela sare sozialetan, bereziki Facebooken, goizean goiz lanera sartzean eta arratsaldeko azken orduan, lanetik ateratzean. Orduan, ordu horiei garrantzi berezia eman behar genien».

Estitxu Zabala, 2014ko Kontxako Banderan, Donostiarrako patroi Ander Iriarte elkarrizketatzen.Donostiarra
Auzoak ardatz
Astekari gisa lehenengo, egunkari gisa ondoren eta astekari eta Interneteko edizio jarraituarekin orain, kirolari, kulturari, udal informazioari eta bestelakoei garrantzia eman die hedabide honek, baina, guztiaren gainetik, eta garaian garaiko erronkak eta lan egiteko moduak zeharo desberdinak diren arren, Donostiako auzo eta herrietan nabarmen jarri du fokua beti IRUTXULOKO HITZAk, eta, oro har, gertuko kazetaritzan: «Irutxulo-k eta IRUTXULOKO HITZAk ahalegina egin dute beti ezkutuan egon den beste Donostia hori azaleratzeko, bai eguneroko informazioarekin, erreportajeekin eta bestelako eduki landuagoekin, baita kolaborazioekin ere. Boterea zalantzan jartzen duten kolektibo guztiek euren tartea izan dute beti, eta hedabidea beti ahalegindu da hiriaren argazki ahalik eta zabalena egiten», nabarmendu du Usabiagak. «Beti kontatzen dut bitxikeria bat, Irutxulo-ren garaitik zetorrena, eta da hauteskunde kanpainetan alderdi guztiek jartzen zutela publizitatea gurean. Anekdotikoa da, baina islatzen du hedabidearen pluraltasuna», gaineratu du Iartzak.
Zabalak ere nabarmendu du Donostiako auzo eta herriei beti emandako garrantzia: «Urteekin, lortu genuen auzoetan ezagutzea IRUTXULOKO HITZA, hasieran, deitzen geniolako jendeari eta askok ez zekitelako hedabide hau zer zen ere. Urteekin, eta tematzearen poderioz, lortu genuen auzoetako jendeari deitzea eta nahiko ezaguna izatea proiektua. Are gehiago, lortu genuen auzoetako eragileak izatea gurekin harremanetan jartzen zirenak». «Erakundeetatik kanpo dagoen eta sistemarekin kritikoa den jendeari ahotsa ematea oso garrantzitsua da, eta paper hori betetzen du IRUTXULOKO HITZAk. Hiriari ekarpena egiten jarraitzen du», gehitu du, ildo beretik, Usabiagak.
Ekarpenak eta aurrera begirakoak
Hirian eragitea da IRUTXULOKO HITZAren xede nagusienetako bat, eta, hain zuzen ere, proiektuak Donostian egindako bi ekarpen zehatz nabarmendu ditu Usabiagak: «Batetik, euskararen normalizazioaren ikuspegitik, donostiar askok ohitura hartu dute euskaraz irakurtzeko Irutxulo-ri eta IRUTXULOKO HITZAri esker, gertutasunetik, eta, gero, bide bat egin dute zentzu horretan. Bestetik, Irutxulo-k eta IRUTXULOKO HITZAk lagundu dute Donostiako historiari zein orainari begiratzeko beste modu bat sortzen eta sustatzen. Ez dute begirada hori sortu, beti egon delako hor, baina begirada hori nabarmentzen lagundu dute». Iartzaren ustez, «euskal komunitatea indartzeko, trinkotzeko eta komunitate horri ahotsa emateko tresna izan da eta da» proiektua, eta hori da ekarpen nagusia, «nahiz eta etengabe landu eta indartu beharreko zerbait den komunitatearen trinkotze hori». «Horrek izan behar du IRUTXULOKO HITZAren helburua», gaineratu du.
Gertuko informazioan jarri du fokua Perezek: «Nik jarraitzen dut albiste txikiak gusturago irakurtzen handiak baino; auzoetako pertsona bereziak ateratzen dituzuenean, eta abar. Duela gutxi, adibidez, Harria parkearen alde asko borrokatu zen Altzako emakume bat atera zenuten [Hilari Villahoz], eta oso gustura irakurri nuen, gogorarazi zidalako nire garaian ere halakoak egiten genituela. Akaso, zailagoa da bozgorailurik ez duten pertsona horiek topatzea bozgorailua dutenak baino, baina gertutasun horrek ematen duen satisfazioa oso handia da».
Maila pertsonalean ere badira ekarpen garrantzitsuak, noski, eta Zabalak nabarmendu ditu batzuk: «Oso gogoan ditut lan egindako San Sebastian egun guztiak, ezagunei eta senideei egindako elkarrizketak, elkarrizketen bidez ezagututako jende interesgarria, Donostiako txoko eta momentu asko ezagutzeko aukera eduki izana eta, batez ere, nabarmendu behar da hemendik jende on asko eta asko pasatu dela».
Garaian garaiko erronkak eta lan egiteko moduak zeharo desberdinak diren arren, auzo eta herrietan jarri du fokua beti IRUTXULOKO HITZAk
Ez dira gutxi izan hedabide honek hogei urteotan eduki dituen erronkak, baina, ez zailtasun gutxirekin, garaian garaiko egoeretara egokitu da, eta hala jarraitu beharko du: «Kondenatuta gaude eguneratzera eta egokitzera, biziraun nahi badugu, behintzat. Aurrera begira, sare sozial deitzen dieten horien gainbehera eta toxikotasuna kontuan hartuta, argi dago berrasmatu egin beharko duzuela eta dugula geure burua, bizirauteko. Badaude gogoeta interesgarriak, eta zuek ere asmatuko duzue aurrera egiten», nabarmendu du Iartzak. Era berean, «euskararen moduko hizkuntza txiki batean eta gero eta turistikoagoa den hiri honetan, bere lekua egitea eta leku hori sendotzea da IRUTXULOKO HITZAren erronka nagusia. Hedabidea donostiarren %100ak ezagutzea», gaineratu du Zabalak.
IRUTXULOKO HITZAk Donostiako eta munduko errealitatera egokitzen jarraituko du, eta beteko ditu, gutxienez, beste hogei urte, Donostia den horretan kontatzen. Lankide ohi guztiek dituzte euren albiste kutunak —Gaztelubideko danborradan lehen aldiz emakumeak jotzen aterako zirenaren eta Peruene baserria botako zutenaren esklusibak, Donostiako kortsarioen inguruko artikulu haiek Irutxulo-n, Iñaki Badiola Realeko presidente ohiak bere isiltasuna IRUTXULOKO HITZAn haustea erabaki zuenekoa eta Donostiako baserrien inguruko erreportaje mardula, besteak beste—, baina IRUTXULOKO HITZAn irakurtzea gustatuko litzaizkieken albiste batzuk ere badituzte buruan: «Donostiako gazteek ez dute hiritik kanpo joan beharko bizitzera irakurtzea gustatuko litzaidake», dio Usabiagak. «Donostia euskaldun bat daukagula irakurtzea gustatuko litzaidake, ez jakintza aurretik baizik eta erabilera aurretik», dio Zabalak. Albiste horiek eta askoz gehiago gure lerroetan agertu daitezen lan egiten jarraituko du IRUTXULOKO HITZAk, komunitatetik eta elkarlanetik, zalantzarik ez izan.