Hogei urtez Donostia tokikotik eta euskaraz kontatzen
IRUTXULOKO HITZAk hogei urte bete zituen otsailaren 17an, eta urteurrena ospatzeko, ekitaldi jendetsu bat egin zuten San Telmo museoan. Ekitaldia amaitzeko, mahai inguru interesgarri bat ere eskaini zioten publikoari.

Otsailaren 17an, urteurren borobila ospatu zuen IRUTXULOKO HITZAk: Hogei urte bete zituen. Hogei urte Donostiaren berri ematen, tokikotik eta euskaraz, txikitik eragiten eta komunitate handi bat osatzen. Urteurren garrantzitsua zen, eta behar bezala ospatzeko, ekitaldi bat antolatu genuen San Telmo museoan.
19:00etan hasi zen ekitaldia, eta Andrea Bosch eta Xalba Ramirez IRUTXULOKO HITZAko kazetariek egin zituzten aurkezle lanak: «Egun garrantzitsua da gaurkoa guretzat, IRUTXULOKO HITZAk, Donostiako euskarazko komunikabideak, hogei urte bete dituelako. Horregatik, gaurkoan, zuekin ospatu nahi izan dugu urteurren borobila», esan zieten gonbidatuei, ongietorria emanez.
IRUTXULOKO HITZAren ibilbidea
«Hogei urte» azkar esaten da, baina urteurren horrek ibilbide bat du atzean. Ibilbide horren inguruan hitz egin zuten ondoren aurkezleek: «IRUTXULOKO HITZA 2005eko otsailean sortu zen; San Sebastian egunaren bezperan aurkeztu bazen ere, gaurko egunez argitaratu zen lehenengo alea. Donostian euskarazko esparru komunikatibo osoa garatzeko xedearekin sortu zen. Hiriko euskararen normalizazioan eragiteko eta beste lekuetan tokirik ez duten protagonisten eta gaien berri emateko jaio zen proiektua».
Bere aurrekaria Irutxulo aldizkaria izan zen, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak sortutakoa. Ondoren, 2005ean, Bagerak Berria Taldearen Hitza proiektuarekin bat egin zuen, eta aldizkaria egunkari bihurtzeko fasean sartu zen; honen emaitza da IRUTXULOKO HITZA. Bagera eta Berriaz gain, Donostiako beste 40 elkarte, eskola eta eragilek parte hartu zuten eraketa honetan.
Aurkezleek nabarmendu zutenez, «etengabeko eraldaketan» dago kazetaritza, eta garai berriei eta erronka berriei «aurre» egin behar die IRUTXULOKO HITZAk. «Azken urteotan, Internet bidez eta sare sozialen bidez urratsak eman ditugu, gure edukia formatu berrietara egokituz», adierazi zuten, datu garrantzitsu bat gehituz: “Oraintxe bertan, sare sozialetan jarraitzaile gehien dituen Euskal Herriko tokiko hedabidea gara”.
Aldaketaren lekuko
Orain arteko ibilbidea errepasatu ostean, aurkezleek Eneko Goia Donostiako alkateari eman zioten hitza. «Hogei urte hauetan gauza asko gertatu dira gure hirian, eta Irutxulo-k, aldaketa horien guztien lekuko izateaz gain, aldaketa horietara egokitzen jakin izan du. Eta gainera, euskaraz, gure hizkuntzan. Donostia euskararen hiria bada, zuen hedabideari esker ere bada», nabarmendu zuen Goiak.
Alkateak nabarmendu zuen donostiar askorentzat IRUTXULOKO HITZA informatzeko «tresna garrantzitsua» dela, eta irakurle horiei konfiantza itzultzeko «lan eskerga» egin duela proiektuak hogei urte hauetan. «Ziur naiz hala jarraituko duzuela, izan ere, donostiarren bizitzaren parte garrantzitsu bat izan zarete bi hamarkada hauetan», adierazi zuen.
Bertakoen ahotsa
Alkatearen ostean, Amets Ibero Bagerako kideak hartu zuen hitza. Atzera begira jarri, eta azaldu zuen duela hogei urte, Donostian, euskarazko komunikabide baten «behar nabarmena» zegoela: «Bertakoen istorioak, bertakoen hizkuntzan eta bertakoen ahotik jaso nahi genituen. Bagerak, Donostiako Euskaltzaleen Elkarte gisa, berea egin zuen kezka, eta hortik jaio zen IRUTXULOKO HITZA. Helburu argi batekin, eta baliabide baino gogo gehiagorekin ekin zion proiektuari».
Iberoren hitzetan, «hizkuntza batek ezin du biziraun ez badu erabilerarik, eta ez da erabilgarria hizkuntza horretan informaziorik ezin bada jaso». Euskaraz irakurtzeko, entzuteko eta ikusteko «nahia eta beharra» aldarrikatu zituen, eta esan zuen Donostian, IRUTXULOKO HITZAri esker, badagoela horretarako aukera. «Zer izango litzateke Donostia jasotako albiste guztiak gaztelera hutsez entzungo bagenitu?», galdetu zuen, erantzuna ere berak emanez: «Ziurrenik, Erentxunen San Sebastian». Publikoaren barrea eragin zuen iruzkin horrek.
Begiratzeko modu bat
Jarraian, Beñat Parra IRUTXULOKO HITZAko zuzendariak proiektuaren garrantzia nabarmendu zuen, fokua hainbat ataletan jarriz. Tokiko kazetaritzaren inguruan hausnartu zuen, lehenik, zuzendariak: «Tokikoa begiratzeko modu bat da. Behetik gora begiratzeko modu bat, gertutik begiratzeko modu bat. Hiriaren argazki eta diagnostiko zabalena egiteko modu bat. Garaiaren kronika egiteko modu bat. Izan ere, non gorpuzten dira mundu mailako dinamikak, erronkak, arazoak, arrakastak eta ametsak, tokikoan ez bada? Herritarrengan ez bada?».
Tokiko kazetaritzaren garrantzia nabarmendu zuen Beñat Parra zuzendariak, Irutxuloko Hitzaren egitekoa azalduz
Eta ildo horretan, Donostiako auzoetan eta herrietan hedabide honek egiten duen lanketa nabarmendu zuen: «Donostia ez dago soilik badiara begira. IRUTXULOKO HITZAren beste funtzio garrantzitsu bat da Donostia auzo eta herrietatik kontatzea. Hedabide bakarra gara astero-astero Altzan, Parte Zaharrean, Egian, Igeldon, Antiguan, Loiolako Erriberan, Bidebietan eta hiriko gainerako auzoetan dauden protagonistak gure lerroetara ekartzen ditugunak».
Hausnarketen eta ekarpenen bilgune
Ekitaldia borobiltzeko, mahai inguru batez gozatzeko aukera izan zen. Aizpea Goenaga aktoreak, Beñat Gaztelumendi bertsolariak eta Sua Enparantza dantzari eta aktoreak hartu zuten parte, IRUTXULOKO HITZAko Inaxio Esnaola kazetariak gidatuta.
Mahai inguruarekin hasteko, duela hogei urte bakoitzak zenbat urte zituen galdetu zien Esnaolak mahai inguruko gonbidatuei: «Nik, 45», esan zuen Goenagak; «nik, 18 egiteko, 17 urte», adierazi zuen Gaztelumendik; eta «urte eta erdi», esan zuen Enparantzak.

IRUTXULOKO HITZAren 20. urteurreneko mahai inguruan parte hartu zuten Aizpea Goenagak, Beñat Gaztelumendik eta Sua Enparantzak, Inaxio Esnaola kazetariak gidatuta.Joseba Parron
Aurkezleak gogorarazi zuen IRUTXULOKO HITZAren zero alea 2005eko urtarrilaren 19an argitaratu zela, San Sebastian egunaren bezperan; eta lehenengo alea, aldiz, otsailaren 17an. «Egun hartan, ikusi ala eskuratu zenuten zero alea edo lehendabiziko zenbakia?», galdetu zien Esnaolak.
Lehenengo aleaz baino, garaiko giroaz gogoratzen dela azaldu zuen Gaztelumendik: «Gure etxean, Irutxulo-ko harpidedunak ginen, eta Euskaldunon Egunkaria-koak ere izan ginen, itxi zuten arte. Eta gero, Berria-koak ere bai. 2003an itxi zuten Euskaldunon Egunkaria indarrez, eta egunkaria beti izan zen gure etxean zegoen zerbait, desagertu ezin zena, eta guretzat, zutabe inportante bat. Bat-batean ikustea zein erraz desegin zitekeen horrelako lan bat eta egitura bat, eta zein hauskor geratzen zen gure hizkuntza eta hiztun komunitatea… sentsazio hori uste dut gure adineko denok gogoratzen dugula. Aldi berean, uste dut bazegoela esperantza giro bat, hutsetik eta min horretatik beste egunkari bat ateratzea lortu zen. Hortik, proiektu oso bat eratu zen bere inguruan, Hitzaren proiektua, tokiko komunikabideei ere leku bat emateko».
Kronika egiten jarraitzeko asmoz, Esnaolak galdetu zien ea IRUTXULOKO HITZAk emandako zein albiste dituzten gogoan; «bat edo beste izango duzue», esan zien aurkezleak. «Egia esaten badizut, ez», erantzun zion Goenagak, publikoari barrea eraginez. «Duela gutxi atera zen gure amonaren jatetxearen berria, oso ondo jasoa, gainera. Baina nik, berri bat baino gehiago, iruditzen zait IRUTXULOKO HITZAk duen balioa dela, nola ematen dion ahotsa jende desberdinari, eta euskaraz aritzen den jendeari. Horrek sekulako balioa du», gehitu zuen Goenagak.
Donostian bizitzeari buruz
Enparantzari Donostian gazteek duten etorkizunaz galdetu zion aurkezleak, eta aktoreak erantzun zion, bere ustez, «argi» dagoela «masifikazio» handia dagoela. «Gazteon ikuspuntutik, egia da batzuetan ez daukagula gogo handirik hemen bertan egoteko. Sekulako pena da, ze nik Donostia asko maite dut. Baina larunbat arratsalde batean paseo normal bat eman nahi izatea edo Saguesko petrilean eseri eta bete-betea ikustea… Gainera, prezioen igoera eskandalu bat da, eta gazteok dugun prekaritatearekin, ez da oso eramangarria», azaldu zuen.
Hogei urte hauetan, euskararen erabilerak kalean hobera edo okerrera egin duen galdetu zion Esnaolak Gaztelumendiri. «Datuek diote euskarak hogei urtean aurrera egin duela. Kontua da azken bost-sei urteetan horrelako lautada batean gaudela. Donostia euskararen hiria dela esaten denean, esango nuke ez dela errealitate bat. Gehiago dela desio bat, helburu bat edo ortzi muga bat», erantzun zuen.
Donostia herrikoia, euskara eta kultura sustatzearen beharraz aritu ziren mahai inguruan, besteak beste
Horrekin batera, bere bizipenetan oinarritutako adibide bat ere jarri zuen: «Ni bertsolaria naiz, eta Antiguan edo Amaran bizi nintzenean, nire auzokide gehienek ez zekiten zertan lan egiten nuen. Pisu batera alokairuan sartu behar genuen, eta bikoteari eta bioi galdetu ziguten bakoitzak lana zertan egiten genuen, jakiteko ea ordaintzeko gai izango ginen ala ez. Bikotea irakasle izanik, esan zioten ondo zegoela, eta, niri galdetu zidatenean, eta bertsolaria naizela esan nienean, galdetu zidaten horrek ea dirurik ematen duen. Bertsolaritza zer den azaldu behar izaten duzu horrelakoetan, eta ez da kontua denok bertsozaleak izatea, baina existitzen garenik ere ez dakien jende pila bat bizi den hirian bizi gara».
2016ko Kultur Hiriburutza
Donostiaren historian, 2016ko Kultur Hiriburutza «mugarria» dela adierazi zuen Esnaolak, eta horren garrantziaren eta legatuaren inguruan ere galdetu zion Goenagari. «Garrantzitsua izan zen, zalantzarik gabe, eta gauza asko mugitu ziren. Baina ez genuen jakin, gero, erein zen horri guztiari etekina ateratzen edo jarraipena ematen».
Bere iritziz, aktoreek ez dute «antzerkia sortzeko espazio bat» Donostian, eta horren garrantzia nabarmendu zuen: «Badirudi txorakeria bat esaten ari naizela, baina ez da hala; antzerkia egiteko, idatzi egin behar dira antzezlanak, eta horiek, idatzi eta probatu egin behar dira. Noren gain dago hori? Konpainien gain, eta konpainiek etekina atera behar dute, eta horretarako, bi hizkuntzetan egin behar da. Eta zeinek galtzen du bi hizkuntza horietan? Euskarak. Oso emanaldi gutxi egiten dira euskara hutsean, eta egiten direnak, aktore gutxirekin egiten dira».
Amestutako albisteak
Mahai inguruari amaiera emateko, aurrera begira, IRUTXULOKO HITZAk zein albiste ematea gustatuko litzaiekeen galdetu zien aurkezleak. Enparantzak argi zuen: «Txillardegiren liburutegia badagoela dioen albistea». Gaztelumendik, etxean ohiturazkoa den «periodikoa» izatea opatu zion IRUTXULOKO HITZAri, eta azkenik, Goenagak «Donostia izatea Antzerkiaren Hiria» desiratu zuen.
Ea hemendik hogei urte pasatu baino lehen albiste horiek emateko gai garen, eta askoz gehiago ere bai.
























