Iragarleen Hitza
Saltokiek eta merkatariek ondo dakite zer den egunerokoan bizirik irautea, etengabe aldatzen ari den hirian sustraiak tinko mantentzea. Irutxuloko Hitzak hogei urte daramatza Donostiako kaleetako bizitzaren taupada jasotzen, eta, bide horretan, negozio askok eman diote bultzada proiektuari. Haiekin batera ospatu nahi dugu urteurren hau: bost iragarleren hitzak bildu ditugu, euskarazko tokiko kazetaritzari eta euren jardunari buruzko hausnarketak partekatzeko.

«Aldizkariaren iraupena bermatu beharra dago»
Oihane Oronoz Elzaurdi, Enbatako merkataria
Noiztik babesten duzue IRUTXULOKO HITZA? Zergatik?
Ez dut oroitzen zehazki noiztik, baina hasieratik ez bada, urte asko pasatu dira jada harpidetzara batu ginenetik. Garrantzitsua iruditzen zaigu tokian tokiko informazio iturriak bultzatzea, are, ezinbestekoa, iturri horiek euskaraz direnean. Aldizkariak eskaintzen digun edukiaz gain, haren iraupena bermatu beharra dago, eta horregatik erabaki genuen iragarle egitea.
Zein ekarpen egiten du, zuen ustetan, hedabideak? Garrantzia du tokiko kazetaritzak herrian?
Egunkari eta aldizkari handiago edo zabalagoek jasotzen ez dituzten berriak dakarzkigu. Gure kulturaren ikuspegia eskura jarri eta sakontzeko aukera ematen du, gertutik. Euskaraz eginiko gertuko kazetaritza da.
Tokiko kazetaritza oso garrantzitsua da, herri ikuspegi osoa eskaintzeaz gain, auzo bakoitzaren errealitatea ezagutzeko balio duelako. Izan ere, auzo bakoitzak bere ezaugarri propioak ditu, eta horrelako aldizkarien bitartez aukera daukagu auzoen ezaugarriak ezagutzeko. Aldi berean, herritarron jardueren, ekimenen, salaketen zein kezken berri eman eta jasotzeko gertuko iturri bilakatu da.
Zein mezu helarazi nahi diezue irakurleei?
Irakurleei esango nieke jarraitzeko aldizkaria irakurtzen, zabaltzen eta babesten. Gero eta irakurle eta harpidedun gehiago izan, aldizkari sendoagoa izateko aukera bermatzen dela. Horrela, urteurren gehiago ospatzeko aukera izango dugu!
«Errealitatea euskaraz jasotzeko modu ezin hobea da»
Laia Abokatuak kolektiboko kideak
Noiztik babesten duzue IRUTXULOKO HITZA? Zergatik?
Uste dugu ezinbestekoa dela euskaraz eta euskaratik egiten diren ekimenak babestea. Gure kasuan, erronka handia da justizia euskaraz egin dadin lortzea, eta horretarako abokatu euskaldunak izatea ezinbestekoa da; IRUTXULOKO HITZAren modukoek gure egunerokoa euskaldunagoa egiten laguntzen digute, abokatu euskaldun izateko funtsezkoak dira, beraz.
Zein ekarpen egiten du, zuen ustetan, hedabideak? Garrantzia du tokiko kazetaritzak herrian?
Donostiako egunerokoari erreparatzen dio, auzoetako informazio eta berriak eskaintzeaz gain, bestelako erreportajeak ere lantzen dituelako. Erakusten digu posible dela eguneroko elkarrizketa sozialak zein politikoak euskaraz egitea. Horri gehitu behar zaio gai sozial eta politikoekiko oso jarrera egokia duela aldizkariak, eztabaidarako irizpide egokiak eskainiz.
Bestalde, IRUTXULOKO HITZAk bertatik bertara kontatzen du kontatu beharrekoa: hiriko kolektibo eta eragileen deialdiak, auzoetako mugimenduak, jaiak, hirian puri-purian dauden eztabaidak eta gaiak… Tokiko kazetaritzarengatik ez balitz, zaila izango litzateke horiek guztiak modu egokian lantzea.
Zein mezu helarazi nahi diezue irakurleei?
Jarrai dezatela IRUTXULOKO HITZA irakurtzen eta anima ditzatela ingurukoak irakurtzera. Donostiako errealitatea euskaraz jasotzeko modu ezin hobea da. Horrek lagunduko digu eztabaidak euskaraz garatzen, eta jendartearen euskalduntzeari gure alea eskainiko diogu.
«Tokiko kazetaritzari esker, beste hedabide batzuetan agertzen ez diren albisteak irakur daitezke»
Bittor Gorosabel eta Jose Cintero, Jobilanen sortzaileetako bi
Noiztik babesten duzue IRUTXULOKO HITZA? Zergatik?
Duela urte batzuk hasi ginen IRUTXULOKO HITZA babesten. Publizitatea jartzeko beharra ikusi genuen normalean lan egiten dugun eta bezeroak ditugun eremuan, alegia, Donostialdean. Euskaldunak garenez, gure alboan gertatzen diren albisteak irakurtzeko aukera ematen digu hedabideak, beste komunikabide batzuek ez bezala.
Zein ekarpen egiten du, zuen ustetan, hedabideak? Garrantzia du tokiko kazetaritzak herrian?
Euskaldunontzat ezinbestekoa da astekaria izatea, eta are gehiago bertakoa bada. Lehen esan dugun moduan, tokiko kazetaritzari esker, beste aldizkari edo egunkari batzuetan agertzen ez diren albisteak irakur daitezke; esaterako, IRUTXULOKO HITZAn agertzen dira berri horiek.
Zein mezu helarazi nahi diezue irakurleei?
Bada, gure bizitza osoan bezala, euskaldun berri zein euskaldun zaharrei esango genieke gure hizkuntzaren alde egin behar dugula, eta tokiko argitalpenetara jende gehiago erakartzen saiatu behar garela, baita IRUTXULOKO HITZAk argitaratutako albisteak eta bestelako bertako produktuak kontsumitu behar ditugula ere.
«Gertutasuna lantzen saiatzen den hedabidea dugu IRUTXULOKO HITZA»
Unax Seges Intxausti, Zumardi tabernako jabeetako bat
Noiztik babesten duzue IRUTXULOKO HITZA? Zergatik?
Esango nuke IRUTXULOKO HITZA hasi zenetik babesten dugula. Izan ere, argi geneukan lagundu egin behar genuela, ahal genuen neurrian, euskaraz egiten zen proiektua.
Zein ekarpen egiten du, zuen ustetan, hedabideak? Garrantzia du tokiko kazetaritzak herrian?
Batetik, aldizkariak lehen lerroan kokatzen du euskara, eta, bestetik, gertutasuna lantzen saiatzen den aldizkaria dugu IRUTXULOKO HITZA, zeinak bermatzen duen beste inon irakurtzen ez diren albiste lokalak euskaraz soilik irakurri ahal izatea.
Bestalde, egia da kontraesanak ere baditugula hasieratik. Gure zentralitatea Herreran kokatzen denez, faltan botatzen dugu inguruan ditugun auzo batzuetako albisteak jasotzea. Gure kasuan, ez gara donostiar sentitzen, eta lankide zein bezero ugari pasaitarrak ditugu. Horregatik, ez gaitu guztiz asetzen, esaterako, Trintxerpeko edota San Pedroko albisterik ez edukitzeak, eta bai, ordea, Antiguakoak edota Amarakoak.
Zein mezu helarazi nahi diezue irakurleei?
Irakurleei esango nieke jarrai dezatela euskaraz irakurtzen, tokiko komunitateak zaintzen, eta ingurukoengana euskararen mundua zabaltzen. Horixe da gure erantzukizuna!
«Tokiko kazetaritzak garrantzi handia du»
Jexux Romero, Apal Estudioko kidea
Noiztik babesten duzue IRUTXULOKO HITZA? Zergatik?
Pertsonalki, hasieratik eman nion babesa nire herrian, Errenterian. Dendaren kasuan, publizitatea egiten hasi ginenean, pentsatu genuen, ‘zeintzuk dira gure balioekin bat datozen hedabideak?’, eta konturatu ginen IRUTXULOKO HITZA zela horietako bat. Hain zuzen, gure balioen artean gertutasuna eta egunerokotasuna daude, eta aldizkaria guztiz bat dator horrekin.
Zein ekarpen egiten du, zuen ustetan, hedabideak? Garrantzia du tokiko kazetaritzak herrian?
IRUTXULOKO HITZAk gertu-gertukoak diren berriak eskaintzen ditu; askotan, hedabideen orrialdeak makro-albisteekin betetzen dira, baina, gure errealitatean eragina izaten duten albisteak, oro har, gertuko gauzei buruzkoak izaten dira.
Tokiko kazetaritzak garrantzia handia duela esango nuke. Horrelako kazetaritzari esker iristen zaizkigu gertatzen diren berriak. Askotan lanak jan egiten gaitu, eta ez gara konturatzen inguruan gertatzen diren gauzez.
Zein mezu helarazi nahi diezue irakurleei?
Irakurleei esango nieke denon artean osatzen dugula errealitatea, eta errealitate hori gertutik abiatu eta, pixkanaka, zabaltzen joan behar dugula.