Bizikletan ibiltzen ikasteko ikastaroak antolatu ditu Kalapiek

Kalapie Donostiako Txirrindularien Elkarteak jakinarazi ditu bizikletan ibiltzeko ikasteko ikastaroen 2025eko datak. Helduentzat dira ikastaroak, bai inoiz ikasteko aukerarik izan ez dutenentzat (0 maila), bai eta bizikleta erabiltzeari aspaldi utzi eta erabilera ahaztu eta erraztasuna eta segurtasuna berreskuratzeko leku mugatu bat behar duten pertsonentzat ere (1 maila). Egiako Kalkutako Teresa plazan egingo dituzte ikastaroak, eta izen ematea zabalik dago (15 euro).
Hiru ikastaro antolatu dituzte 2025erako, bakoitza ordu eta erdiko lau saiokoa: martxoa eta apirila arteko ikastaroa (martxoak 29 eta 30 eta apirilak 5 eta 6), goizez, bi txanda aukeran; maiatzekoa (5, 7, 12 eta 14), arratsaldez, bi txanda aukeran eta iraila eta urria artekoa (irailak 27 eta 28 eta urriak 4 eta 5), goizez, bi txanda aukeran. Bakoitzak bere bizikleta eramatea gomendatu du Kalapiek, baina, behar izanez gero, bizikleta tolesgarriak eskuragarri jarriko ditu elkarteak.