Bueltan da Burdina Astintzen heavy metal jaialdia

Hamabost urteren ondoren, bueltan da Donostiako Burdina Astintzen heavy metal jaialdia, eta maiatzaren 17an egingo dute, Larratxo Kultur Etxean (20:00). Sarrerak hilaren 25ean jarriko dituzte salgai, 11:30ean, Donostia Kulturaren webgunean (12-15 euro).
Geldialdi luzearen aurretik antolatutako jaialdiak aintzat hartuta, laugarren Burdina Astintzen jaialdia izango da maiatzekoa. Herriko Burdina Euskal Herriko heavy metalaren ataria da antolatzailea, eta, azaldu duenez, “izaera propioa eta euskalduna aldarrikatzea” du helburu jaialdiak.
Hain zuzen ere, euskaraz kantaturiko heavy metalari “merezi duen garrantzia eta ikusgarritasuna” emango diote, hiru talde euskaldun hauen parte hartzearekin: Asgarth (Añorga, heavy metal), Elbereth (Legazpi, groove/thrash metal) eta Izan Bai (Usurbil, heavy metal).